Julen de Carlos: «Miraria izango da Zarauzkoa bezalako afizio bat topatzea»

Aritz Mutiozabal 2018ko uzt. 11a, 08:00
Julen de Carlos atezaina (Aritz Mutiozabal).

Bost urtez Amenabar Zarautzen jokatu ondoren, Belgikako Initia Hasselt taldearen atea defendatuko du Julen de Carlosek (Iruñea, 1992) hurrengo bi denboraldietan.

Nola sortu zaizu  Belgikan jokatzeko aukera?
Duela urte batzuk entrenatzaile izan nuen lagun batekin harremana mantendu dut, eta hark deitu zidan Belgikan jokatzeko aukeraren berri emanez. Egia esan, sorpresaz harrapatu ninduen. Proba bat egitera joan nintzen Aste Santuan: ongi atera zen dena, eta orduan lotu genuen akordioa.

Zalantzarik izan al duzu erabakia hartzerakoan?
Belaunarekin hainbat arazo izan ditut, eta egoerak horrela jarraitzen bazuen, datorren denboraldian eskubaloia uztea ere pentsatu nuen. Baina pixkanaka-pixkanaka egoerari buelta eman nion eta partida onak jokatzen hasi nintzen, berriro gustua hartzen eskubaloiari. Belgikako deia jaso nuenean, pentsatu nuen: orain edo inoiz ez. Eskubaloia utzi edo erronka berriari heldu, alegia.

Beraz, azken denboraldia inflexio puntu baten modukoa izan da zuretzat.
Hori da, bai. Denboraldiko lehen itzuli osoa, Gabonak bitartean, ia jokatu gabe egon nintzen, belaunean ebakuntza egin zidatelako. Gabonetan hasi nintzen jokatzen, eta astetik astera hobetzen nindoala ikusi nuen. Aste Santuan jada oso ongi sentitzen nintzen, arazo fisikoak gaindituta, eta Initia Hasselt taldean jokatzeko aukera hau orduan etorri zitzaidan ezustean.

Proba egitera joateko esan zizutenean...
Zalantza izan nuen, baina behin asimilatu nuenean proba egitea, garbi neukan hautatzen baninduten hara joango nintzela. Esperientzia berri bat bizitzera noa.

Eta zer dakizu Belgikako ligaz? Zer Initia Hasselt taldeaz?
Belgikako lehen mailako taldea da, eta bi liga jokatzen dituzte: bata, Belgikakoa, eta bestea, Belgikako eta Herbehereetako taldeek osatutakoa. Bi ligetan bigarren bukatu zuen aurreko denboraldian, eta Belgikako kopako txapeldun ere izan zen. Behintzat, Belgika mailako talde onenetako batera noa.

Baina eskubaloiko maila ez al da zertxobait apalagoa?
Bartzelona taldea salbu, esango  nuke Asobal ligako maila bertsua dagoela han, baina ekonomikoki hobeto dago. Eskubaloia sustatzen ari diren herrialdea da, eta poliki-poliki garatzen ari direnez, inbertsio handia egiten ari dira.

Beste behin, lehen mailan jokatzeko aukera izango duzu.
Bazirudien ez nuela gehiago aukerarik izango! Zarautzen oso gustura aritu naiz, eta bertako maila oso egokia iruditzen zitzaidan niretzako. Ondorioz, ez nuen uste jada Asobal ligara jauzi egingo nuenik, eta are gutxiago Belgikako lehen mailara.

Zuk debuta egina duzu Asobalen Anaitasunarekin, ezta?
Duela zazpi bat urte igo ginen Anaitasunarekin Asobal ligara, eta partida batzuk jokatu nituen lehen urtean; eta bigarren urtean zertxobait gehixeago. Ni, hasiera batean, lehen nazional mailako atezaina nintzen, eta tarteka igotzen ninduten Asobalen jokatzera. Oso ongi gogoratzen ditut nire debuteko partidak. Lehena, Naturhousen aurka izan zen eta segundotxo batzuk bakarrik jokatu banituen ere, une ahaztezina izan zen. Bigarrena, Atletico Madrilen kontra izan zen, baina, harrezkero, gehiago jokatzeko asmoz, Zilarrezko mailako talde batera etorri nintzen: Amenabar Zarautzera. Iritsi nintzen urtean sekulako maila zegoen, eta Asobal ligara igotzeko fasea jokatu genuen.

Kirol aldetik, Amenabar Zarautzekin bizitako lorpenik garrantzitsuena izan al da?
Bai, dudarik gabe. Azkenean ezin izan nuen jokatu lesioagatik, baina urte horretan egin genuena sekulakoa izan zen. Jendeak igoera fase hura nola bizi zuen ikustea ikaragarria izan zen. Zerbait oso handia egiten ari ginen seinale zen.

Bost denboraldi egin dituzu Zarautzen. Zer oroitzapenekin geratzen zara?
Amenabarrekin gauza asko bizi izan ditut, eta niretzako gauzarik onena da eskubaloia beste ikuspuntu batetik begiratzen ikasi dudala. Orain arte, errendimendu gisa ikusten nuen, eta hemen ikusi dut errendimendua eskatu egiten dela, baina guztiaren gainetik familia bat dela. Eskubaloi giro bat dago, eta giro horretan murgiltzen bazara, emaitzak etorri egiten dira lehenago ala beranduago. Eta irabazi ala galdu, jendea beti gainean dago, animatzen eta bultzatzen. Aritzbataldeko gotorlekua esaten diogu.

Belgikan horrelako afizioa nekez tokatuko duzu, ezta?
Zaila izango da, bai. Zarauzkoa bezalako afizio bat topatzen badut miraria izango da. Ez dut uste suertatuko denik.