6.000 euro bideratu ditu udalak Guatemalako kaltetuei laguntzeko

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 11a, 11:38
Kooperazioko zinegotzi Patxi Elola, GKEko kideekin eta Gutemalako herritarrekin (Aritz Mutiozabal).

Hirugarren Adina, Hirugarren Mundura gobernuz kanpoko erakundeari zuzendu diote laguntza ekonomikoa, Fuego sumendiaren erupzioaren eraginez kaltetuak izan direnei arreta psikologikoa emateko batez ere.

Udalak 6.000 euroko diru laguntza bideratu du Guatemalara, Hirugarren Adina, Hirugarren Mundura gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, Fuego sumendiaren erupzioaren eraginez kaltetuak izan direnei arreta psikologikoa eskaintzeko. Kooperazioko zinegotzi Patxi Elolak datu ofizialak eman ditu ezagutzera, eta azaldu du 1.714.300 biztanle izan direla kaltetuak, 12.000 desalojatuak, 197 desagertuak, 110 hildakoak eta 3.600 aterpeetan hartuak. "Nahiz eta beste erakunde batzuek kalteak handiagoak direla esaten ari diren", nabarmendu du. Egoeraren larritasuna ikusita, larrialdiko partida bat zuzentzea erabaki du udalak.

Hirugarren Adina, Hirugarren Mundura erakundeak 20 urtetik gorako ibilbidea du, eta eskertuta agertu da jasotako laguntzarekin. Mertxe Alzuguren taldekideak jakinarazi duenez, 941 kalteturi eman ahalko diotela laguntza jasotako ekarpenarekin: alde batetik, arreta psikologikoa ematera, eta bestetik, haur eta gazteen hezkuntza sustatzeko espazioen garapenera. Hori guztia egingo dute Jesuitek Gautemalan duten Fe y Alegria Fundazioarekin lankidetzan.

Bestetik, Zarautzen bizi diren Guatemalako herritarrak ere harremanetan jarri dira udalarekin, laguntza ekonomikoa eskatuz, eta oso pozik agertu dira eman duen erantzunarekin. "Asko eskertzen diogu udalari gu entzun izana, eta Hirugarren Adina, Hirugarren Mundura gobernuz kanpoko erakundeari diru laguntza eman izana", azpimarratu du Elisabet Picon Etxebarriak, Guatemalako herritarren izenean. Beraiek ere mobilizatu dira: ekainaren bukaeran bazkari bat antolatu zuten eta egitasmo horretatik 640 euro atera zituzten, aipatu GKEri bideratuko diotena.