Ainhoa Larramendik eta Imanol Zulaikak Espainiako txapelketa jokatuko dute asteburuan

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 20a, 15:18
Imanol Zulaika Esteban Collantesekin, saria eskuetan. Atzean, ezkerrean, Ainhoa Larramendi kopari eusten. (ZKE)

Halterofiliako kirolariak A Coruñan lehiatuko dira, Espainiako txapelketa absolutuan.

Espainiako halterofilia txapelketa absolutuan parte hartuko dute Ainhoa Larramendik eta Imanol Zulaikak, larunbatean, A Coruñan. Euskadiko selekzioko ordezkari izango dira bi zarautarrak, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan oso emaitza onak lortu ostean.

Bientzat maila honetako lehen Espainiako txapelketa izango den arren, aurretik ere aritu izan dira Euskal Herritik kanpo lehiatzen. Larramendik zilarrezko domina lortu zuen 2017an Espainiako Unibertsitate arteko txapelketan eta Zulaika ere txapeldunorde izan zen  Espainiako Junior Txapelketan, urte berean. Galiziako txapelketan, besteak beste, Enrike Kortajarena entrenatzailea alboan izango dute.