Moda desfilea eta Pop Up azoka izango dira asteburuan Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 25a, 16:27
2017an egin zuten lehenengo aldiz moda desfilea Zarautzen.

Herriko 21 merkatarik erakutsiko dituzte proposamenak, udakoak nahiz udazken-negukoak. Eguraldi ona bada malekoian egingo dute desfilea, eta bestela, Aritzbatalde frontoian.

Bigarrenez antolatu dute moda desfilea Zarauzko Udalak eta Murkil merkatarien elkarteak,  Gipuzkoa de Modaren eskutik. Herriko 21 merkatarik hartuko dute parte, iaz baino bi gehiagok. Desfilea larunbatean 21:30ean hasiko da, eta eguraldiak laguntzen badu, malekoian egingo dute, Galtxagorri elkartearen parean. Txarra egiten badu, berriz, Aritzbatalde frontoian egingo dute moda desfilea. Jesus Arana zinegotziak azaldu duenez, iaz Gaztelekuko frontoian egin zuten eguraldi txarragatik, «eta jende asko kanpoan gelditu zen, toki faltagatik». Horregatik aukeratu dute aurten Aritzbatalde frontoia.

Desfilean arropa, betaurrekoak eta osagarriak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Haurren arropak, emakumezkoenak zein gizonezkoenak, festarako arropa, eta ezkontzarakoa erakutsiko dute. Parte hartzaile bakoitzak sei look aurkeztuko ditu. Salbuespena, Atelier Nupcial saltokia: zazpi erakutsiko ditu. Yolanda Garcia arduradunak aurreratu duenez, soinekoetako bat Vicky Martin Berrocal diseinatzailearena izango da. «Parte hartzea eskatu digu, eta baietz esan diogu».Modeloek hartuko dute parte desfilean, baina haurren arropa herriko umeek aurkeztuko dute.


Pop Up azoka igandean

Bigarren urterako berrikuntzak sartu dizkiote egitasmoari. Batetik, desfilean pantaila handi bat egongo da, ikusleek uneoro jakin dezaten zein saltokitako modeloak dabiltzan une horretan pasarelan. Bestetik, iganderako Pop Up azoka antolatu dute. Hau da, larunbat gauean erakusten diren arropak, betaurrekoak eta osagarriak, salgai egongo dira hurrengo egunean malekoian bertan jarriko duten kaleko saltokian, 10:30etik 21:30era. Bezperako produktuez gain, beste hainbat ere jarriko dituzte salgai.

Merkatarien lana balioan

Bai Jesus Aranak, bai Gipuzkoa de Modako ordezkari Laura Chamorrok azpimarratu dutenez, Zarautzen kalitate oneko merkataritza dago, eta uste dute hori balioan jarri eta sustatu egin behar dela. Chamorroren ustez, Zarautzek izan behar luke Gipuzkoako moda desfileen erdigunea uda sasoian, «udazken-neguan Donostia den bezala».

Yolanda Garcia merkatariak garrantzia eman dio asteburuko egitasmoari, eta iritzi dio herriko merkatariek horrelako sustapen gehiago egin beharko luketela. Desfilean saltoki hauek hartuko dute parte: Vulcano, Mane Boutique, Garmen, Dina, Cambo, Transit, Itxasoa, Strategia Bicolore, Pedrosa, Optica Zarautz, Izar Optika, Eusko Optica, Goiatz, Ganbara, Itziar Lucas, Leonce, Itziar Oregi, Dody’s eta El Atelier Nupcial.