Larunbatean erabakiko dute Zarauzko sorosleek greba egingo duten edo ez

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 26a, 14:09

Gipuzkoako hondartzetako sorosleek grebara deitu dute uztailaren 29, 30 eta 31n. Zarauzko sorosleek ere bat egin dute herrialdean langileek egindako eskariekin eta abiatutako borrokarekin. Larunbatean bilduko dira Udalarekin eta Gurutze Gorriarekin, eta bertan erabakiko dute grebara batuko diren edo ez.

Hilaren 29rako, 30erako eta 31rako greba deitu dute Gipuzkoako hainbat hondartzatako sorosleek. Tokian tokiko udalak azpikontratatutako langileak izan arren, hondartza guztietako sorosleek adierazi dute gaiari buruz hitz egiteko eta lan baldintzak hobetzera bidean pausoak emateko premia. Horiei buruz hitz egiteko bilduko dira larunbatean, hilaren 28an, Zarauzko sorosleak, Gurutze Gorria eta udala. Bilera horretan ateratako ondorioen arabera erabakiko dute sorosleek grebarekin bat egin edo ez, eta zeintzuk izango diren beraien borrokan emango dituzten hurrengo pausuak.

Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka. Donostiako zein Orioko langileak iaz hasi ziren mugitzen, eta ELA sindikatura jo zuten. Gurutze Gorriko langile batzordearekin eta arduradunekin aritu ziren hizketan, eta Donostiako sorosleek Gipuzkoako Hitzan azaldu zutenez, hobekuntza txikiren bat lortu arren, ez ziren sorosleek eskatutakora hurbildu ere egin. Beraz, akordio falta honen aurrean, orain sorosleek ez dute greba egitea beste irtenbiderik ikusi, beren eskakizunak bete daitezen. Auzia publiko egin eta Gipuzkoako gainontzeko hondartzetako sorosleekin jarri dira harremanetan Donostikoak, herrialde mailako mugimendu bat osatuz.

Iker Ostolaza Orioko sorosleak adierazi zuen bezala, «ez dago hondartza guztietako sorosle guztiak barnebiltzen dituen hitzarmenik. Ez dago inon idatzita zeintzuk diren sorosleon eskubide zein betebeharrak». Egoera horretan, inork ez duela ardura beregain hartu nahi azaldu du Ostolazak. «Enpresek diote eskatzen ditugun gauzak oso zailak edo ezinezkoak direla, udal batek besteari pasatzen dio pilota, eta inork ez du erantzunik ematen».

Tokian tokiko kudeaketa bereiziek sorosleak kaltetu baino ez dituela egiten ere aipatu du Ostolazak. «Udal bakoitzak akordio propio bat du hondartza kudeatzen duen enpresarekin. Ondorioz, hondartza bakoitzean ordutegiak, lan baldintzak eta egoerak desberdinak dira, baina guztiok bagara sorosleak eta denok lan berdina egiten badugu, guztiok ditugu premia berdinak, eta une honetan behar horietako bat guztion lan baldintzak hobetzea da». Hori lortu ahal izateko, sorosle guztiak barnebilduko dituen hitzarmen bat lortzea funtsezko borroka dela adierazi du. Horri lotuta, Ostolazak garrantzia handia eman dio sorosleen arteko batasunari.

Gauzak honela, lan-baldintzen inguruko zenbait eskakizun konkretu identifikatu dituzte Gipuzkoako hondartzetako sorosleek, eremu hauetan hain zuzen ere: soldaten igoera, ordutegia, aldizkako kontratu finkoa, antzinatasuna eta baldintzen bermea. Testuinguru honetan deitu dute greba, uztailaren 29an, 30ean eta 31an.

Hemen Gipuzkoako Hitzak egindako artikulua.