Ritxi Goya: "Emakume baserritarrek daukaten indarra sinestezina da"

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uzt. 26a, 17:14
(Amaia Urbieta Arruti)

Hitzez elkartearekin emakume baserritarren inguruko dokumentala egin dute Goya anaiek. Ostiral honetan estreinatuko dute lana, Merkatu plazako lehen solairuan, 20:00etan.

Kiroletako bideoak egiten aditua da Ritxi Goya (Zarautz, 1975). Azken hilabeteetan, ordea, proiektu ezberdin batean murgilduta ibili da Javi Goya anaiarekin batera. Emakume baserritarren Hitzez elkartekoekin elkarlanean, inguruko baserrietako errealitate ezberdinak islatzen dituen dokumental bat sortu dute anaia zarauztarrek. Gaur izango da dokumentalaren proiekzioa, Zarauzko Merkatu plazan, 20:00etan hasita.

Nola sortu zen dokumentalaren ideia?
Ideia, berez, ez zen gurea izan. Hitzez elkarteko emakume batek nekazal etxe bat dauka eta promoziorako lan bat egin nuen harentzat.  Hitzez elkarteak hamar urte bete zituela eta, dokumentu bat sortzea proposatu zidaten. Gidoi gabe hasi ginen, hainbat emakume baserritar elkarrizketatzen. Hasieran, hiruzpalau egunean egiteko lan bat izango zela uste genuen, baina oso istorio indartsuekin egin genuen topo. Beraz, proiektuari beste forma bat ematea erabaki genuen. Mutriku, Aia, Zarautz, Zumaia eta beste hainbat bazterretako emakume baserritarrak elkarrizketatu ditugu. Denetik ikusi dugu, oilasko haztegiak dituzten emakumeak, haragitarako zein esnetarako behiak dituztenak... Hamabost bat emakumerekin egon gara, baina lana bukatu gabe dagoela iruditzen zait, oraindik kontatzeko asko dagoelako.  

Zuretzat lan berria da dokumental baten sorkuntza. Zer moduz egokitu zara?
Asko gustatu zait. Gu ohituta gaude kiroletako bideoak egitera. Surf txapelketak grabatzen ditugu gehienbat, eta besterik gabe, txapelketara joaten gara eta han gertatzen dena grabatzen dugu, eta kitto. Ezkontzak eta promozio bideoak ere egin izan ditugu, baina hau guztiz berria izan da. Hasi ginenean ez genekien horrelako dokumentala aterako zenik. Aurrekontu txiki bat geneukan honetarako, eta azkenean, debalde lan asko egin behar izan dugu, baina oso polita izan da. Beraientzako zerbait nahi zuten hasieran, baina egiten gindoazen heinean, zerbait handia, polita eta interesgarria zela ikusi genuen. Baserritarrak desagertzear dauden espeziea dira. Guztiek esaten dute, beraien seme-alabek ez dutela nahi baserritarrak izan.   

Emakumeak dira elkarrizketatu guztiak.
Hitzez elkartea baserritar emakumeena da, eta hala zegokion dokumentalari. Gainera guk isladatutako kasuetan nabarmena da baserria emakumeek eramaten dutela. Asko eta asko alargunak dira, eta familiaren eta baserriaren pisu guztia erori zaie gainera. Alargunak ez direnen istorioak ere sinestezinak dira.  Zur eta lur uzten dute pertsona emakume horien kontuek. Merkatu plazan ikusten dira mutilak, baina orokorrean guztiak emakumeak dira. Gainera, gaur egun berdintasunarekiko dagoen kontzientzia kontuan hartuta, dokumental honetan askok imajinatu ere ezin duten errealitateak ikusten dira. Emakume horiek daukaten indarra sinestezina da.

Dokumentalaren prozesuan asko ikasi duzu, beraz.
Izugarri. Lehen lagunartean komentatzen genuen, helburutzat Red Bullentzat edo horrelako enpresa handiren batentzat lan egin nahi genukeela. Kirola asko gustatzen zaigu, Axi Muniainekin joaten gara batera eta bestera, eta hori da gure inspirazioa. Baina niretzat orain arteko lan politena izan da azken hau.

Egunero joaten nintzen joan behar genuen lekura, gehiago entzuteko eta ikasteko irrikan. Elurrarekin mendiko baserrietara ere joan gara, dena zuri-zuri, eta ukuiluan adineko emakumea bere bizitza kontatzen... Une magikoak izan dira. «Ni han jaio nintzen» esaten zigun batek, alboko muinoko baserria seinalatuz. «Eta baserri honetako semearekin ezkondu nintzen. Nire ahizpa berriz, beste hartakoarekin», atzeraxeago ikusten zen baserria seinalatuz. Gainera, istorio horiek ez dira duela horrenbeste denborakoak, gure amonak izan zitezkeen.

Dokumentala aurkeztera zoazte. Zein da helarazi nahi duzuen mezua?
Berriro diot, dokumentala amaitu gabe dagoenaren sentsazioa daukat. Lan txukuna egin dugu eta aurkeztera goaz, baina emakume hauen kontuak ordu luzez entzutekoak dira, jendea asko hunkituko du lan honek.

Denok dakigu baserriko bizitza hor dagoela, baina asko jota, Merkatu plazan tomate batzuk erosten ditugu, eta ez dugu hortik haratago pentsatzen. Jendeak bizitza hau zer den jakitea da gure lanaren helburua. Izugarrizko balioa daukate elkarrizketa hauek, euskal baserritarren azken urteak baitira hauek. Askori entzuten zaie esaten ezin dutela gehiago. Batek baino gehiagok ganadua kendu eta nekazal etxeak jartzen dituzte. Gainera, baratzearekin edo ganaduarekin jarraitzen dutenek ezin dute merkatuan lehiatu, enpresa handiek jaten baitituzte. Asko jasotzen dituzten diru laguntzekin bizirauten ari dira.