Halterofiliako Munduko Masters Txapelketan izango dira Jon eta Jaizki Mendizabal

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uzt. 27a, 10:32
Jon eta Jaizki Mendizabal anaiak, Aritzbatalden (Amaia Urbieta Arruti)

Katalunian jokatuko da Munduko Txapelketa, eta lehen aldia izango da bi anaientzat. Helburu ezberdinarekin joango dira bertara.

Pasio handiz bizi dute halterofilia mendizabaltarren familian. Jon eta Jaizki anaiak, lehiaketetan aritzeaz gain, entrenatzaile, epaile eta zuzendari taldeko kide dira. Munduko Masters Txapelketarako sailkatu dira biak, bakoitza bere mailan. 35 eta 40 urte artekoetan lehiatuko da Jon, eta Jaizki, berriz, 40 eta 45 bitartekoetan.

Abuztuko laugarren astean izango da txapelketa Hospitalet de Llobregaten (Herrialde Katalanak). Txapelketa honetara sailkatzeko marka minimo bat lortu behar izaten da, eta biek, beren pisu kategoriako marka lortzeaz gain, pisu handiagokoen kategoriako marka ere lortu dute, beraz, aukeratu egin dezakete bietako zeinetan lehiatu nahi duten.

Biek jadanik aukeratu dute zeinetan hartuko duten parte. Jonek bere kategoria aukeratu du, 85 kilokoa. Azaldu duenez, bere mailan «lehiatzeko aukera handiagoa izango du». Jaizkik, berriz, 69ko kategorian marka egitea lortu zuen otsailean, pisu hartatik ez igotzeko «esfortzu handia eginez», baina aurrerago 77 kilokoan ere marka lortu zuen, beraz, hori da lehiatzeko aukeratu duen maila. Espainiako Master 40ko marka berria egitea du helburutzat anaia zaharrenak. Jonek, berriz, ez dauka helburu finkorik. «Saritzat» dauka txapelketan parte hartzeko aukera izate hutsa, eta ondo pasatzea da bere asmo nagusia. «Hortik abiatuta, marka politen bat uztea ere gustatuko litzaidake, noski».

Jon estreinakoz lehiatuko da Master mailan, aurten bete baititu 35 urte. Jaizkirentzat,  berriz, ez da munduko txapelketara sailkatzeko marka lortzen duen lehen aldia. Bai ordea, txapelketara joango den lehena. Zarauztarrak azaldu duenez, orain arte etxetik oso urrun izan dira sailkatu den txapelketak. «Ukrainan, Kazajistanen... logistikoki oso zaila izan da orain arte egokitutako lekuetara joatea». Aurten «ilusioz» daude bi anaiak, etxetik gertu izango baitute txapelketa.


Zarautz, aitzindari

Gazte-gazteak zirenetik aritu dira halterofilian Mendizabal anaiak. Azken urteetan klubak «emaitza onak» lortu dituela azaldu dute biek. «Azken bi urteetan taldea Errege Koparako sailkatu da, eta arlo indibidualean ere jendearen aurrerapausoak nabarmenak dira». Lehengo astean, esaterako, azken hamar urteetan lehen aldiz Zarauzko Halterofilia Elkarteko bi kide lehiatu ziren Espainiako Txapelketan. «Gainera, ia 20 urte badira neska bat ez zela sailkatzen».

Halterofilia kirol gogortzat daukate bi anaiek. «Bakarkako kirol guztiak dira gogorrak, Ez zaude beste lehiakide baten aurrean, aurkari nagusia norbera izaten da». Hala ere, Jonen aburuz, behin hasita jarraitzeko eskatzen dizun kirol horietakoa da, baita osasuntsua ere, ondo eginez gero.

Urte gorabeheratsuak bizi ditu Zarauzko Halterofiliak. Aurten apalago badabiltza ere, aurreko hiruzpalau urteetan fitxa berri asko izan zituzten, baita emaitza onak ere. «Azken urtean kaxkarrago bagabiltza ere, duela hamar urte geneukanarekin alderatuz gero, asko hobetu da egoera».

Duela 50 urte hasi ziren Zarautzen halterofilia egiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako lehen kluba izan zen. Gaur egun, hain zuzen ere, Zarautzen daude Gipuzkoako eta EAEko federazioen egoitzak ere. Euskadiko fitxa guztien heren bat ere herrikoa da, baina hala ere, ezkutuan dagoen kirola izaten jarraitzen du halterofiliak.


Autokritika apur bat

Gainontzeko herriekin alderatuta Zarautzen halterofiliak daukan presentzia «handia» bada ere, Jaizkik egungo gazteak erakartzeko metodoetan ez dutela asmatu uste du. «Pentsatzen ari gara halterofilia eskola martxan jartzea gainontzeko kirolek egiten duten moduan, baita kontzeptua apur bat aldatzea ere, jende berria erakartzeko».

Honekin lotuta, azpimarragarria da neska bakarra dabilela elkartean. «Hainbat gauza txikik zaildu egten diete neskei  eroso entrenatu ahal izatea. Esaterako, aldagela bakarra dago, eta noski, mutilek harturik daukate. Alde horretatik ere aldaketa batzuk egin beharko genituzke, xehetasun hauek egokitzeko».