Etxeratek elkarretaratzea deitu du Zarauzko hondartzan abuztuaren 5erako

Zarauzko hitza 2018ko uzt. 27a, 12:51

Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteak abuztuaren 5erako elkarretaratzera deitu du Euskal Herriko hainbat hondartzatan, tartean, Zarauzkoan. 12:00etan hasiko da bilkura.

"Sakabanaketa politikaren amaiera exijitzeko" deitu ditu Etxeratek abuztuaren 5eko hondartzetako protestak. Elkartearen esanetan, ehunka lagunek urrunketaren "zama, oinazea eta mina" pairatzen dute oraindik. Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerateko bozeramaileek Donostian egindako agerraldian azaldu dute presoen senideek eta lagunek "bizitza arriskuan" jartzen dutela kartzela bisitetako bidaietan.