Zurekin Hondartzako Boleibol Txapelketa antolatuko dute lehen aldiz

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 31a, 17:42

Larunbat eta igande honetan jokatuko da, Desertu Txikian, eta izena emateko eguna abuztuaren 3an bukatuko da.

Tolosako Boleibol Taldearen ekimenez, I. Zurekin Hondartzako Boleibol Txapelketa sortu dute eta asteburu honetan jokatuko da, abuztuaren 4an eta 5ean, Zurekin ostalari elkarteak babestuta eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Tolosan bederatzi urte daramatzate txapelketak egiten, baina horretarako hondarra ekarri behar izaten duten kantxara, eta Zarauzko Desertu Txikian joko eremua dagoela aprobetxatuz, kirol ekitaldia herrian ere antolatzea erabaki dute aurten. Honakoa ez da lehen aldia hondartzako boleibol topaketa bat antolatzen dutena herrian; esaterako, duela urte batzuk Kenpesen Oroimenezko jokatzen zuten.

Bi mailetan banatuko dute txapelketa –bata, 16 urte azpikoa eta, bestea, 16 urtetik gorakoa–, eta aukeran, taldeak mistoak izatea nahiko lukete antolatzaileek nahiz eta ez den derrigorrezkoa izango. 4x4 formatuko txapelketa izango da eta taldeak 4-5 pertsonakoak izan daitezke. Norgehiagokak 21 puntutara jokatuko dituzte, eta antolatzaileen esanetan, talde bakoitzak 7-8 bat partida gutxienez jokatuko ditu.

Txapelketa bat izan arren, herrikoia izango da eta arau malguak erabiliko dituzte. Hondartzako boleibolaz gozatzea eta lagunartea sortzea helburu dutenez, nahi duen oro animatu nahi dute jokatzera. Izena abuztuaren 3a bitarteaneman behar da, zarautzbolei@gmail.com helbidera idatziz edo 656 75 86 71 telefonora deituz. Taldeko 15 euro ordaindu beharko da.

Zurekin Ostalari Elkarteak parte hartzaile bakoitzari txapelketako elastiko bana oparituko dio, eta elkarteko establezimenduek sariak eskainiko dituzte parte-hartzaileen artean zozkatzeko. Txapelketa egunetan barra jarriko dute, eta musika ere izango da.