Reala-Alaves partidarekin hasiko dira ospatzen ZKEren 75. urteurrena

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 3a, 14:33
Udaleko, ZKEko eta Realeko ordezkariak, gaurko aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Denboraldiaurreko norgehiagoka Astin jokatuko da datorren asteazkenean, abuztuaren 8an, 19:00etatik aurrera. Sarrerak kirolgunean bertan erosi ahalko dira, partida hasi baino bi ordu lehenago.

Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte beteko ditu 2019ko otsailaren 8an, baina urteurreneko ospakizunei datorren asteazkenean (abuztuaren 8an) emango diete hasiera, Realaren eta Alavesen arteko gizonezkoen futbol partidarekin. ZKEko presidente Esteban Collantesek azpimarratu duen bezala, "lehen mailako ekitaldi bat". Asti kirolgunean izango da denboraldiaurreko lagunarteko derbia, 19:00etan hasita, eta sarrerak futbol zelaian bertan erosi ahal izango dira, norgehiagoka hasi baino bi ordu inguru lehenago; harmailetako sarrerak 15 euro balioko du, eta sarrera orokorrak, berriz, 10 euro.

Herrian horrelako partida bat jasotzea "ohore" bat izateaz gain, "herriarentzat onuragarria" dela azaldu du udaleko Kirol zinegotzi Iban San Martinek: "Ziur gaude Asti txiki geratuko dela". Era berean, Realaren eta Alavesen prestutatsuna eskertu du, eta ZKEko futbol atalak egiten duen lana goraipatu. Reala eta ZKE hitzarmenduta daude bi kirol elkarte dira, eta bien arteko harremana ona dela nabarmendu dute gaurko agerraldian. Horrekin batera, Alavesen kirol filosoafiarekin ere bat egiten dutela azaldu dute.

Realeko lehendakariorde Joseba Ibarburu pozik agertu da ekitaldiaren aurrean, etaurteurreneko ospakizunetan "oso presente" izango direla gaineratu du. Izan ere, "Zarautz Kirol Elkartea egitura indartsua duen kluba da, eta 75 urte betetzea ez da txantxetako kontua". Denboraldiaurre betean dago Reala, eta liga hasiera gertu duela jokatuko duenez datorren asteazkenean, "partida serio bat" ikusteko parada izango dutela zaletuak uste du.

ZKEko futbol ataleko lehendakari Luis Azkoagaren arabera, lagunarteko partida bat baino gehiago izango da, "hatarago" doan zerbait. "Ospakizun bat izango da, maila goreneko ekitaldi batekin, eta horrek ilusio handia egiten digu".  Partida Euskal Telebistak eskainiko du zuzenean: ETB1en emango dute lehen zatia, eta ETB4n, berriz, bigarrena.

Urteurreneko logoa

Futbol norgehiagokaren nondik norakoz gain, ZKEk 75. urteurreneko logoa aurkeztu du: ohiko irudiaren nortasuna mantenduz, itxura modernoagoa eman diote, 75. urteurrena. 1944-2019 gehituz. Halaber, Izaera zuri-beltza lelopean antolatuko dituzte aurrera begirako ospakizunak.

Realaren eta Alavesen arteko partida izango da lehen harria, eta datorren urtera begira, klubeko atal ezberdinetatik makina bat ekitaldi antolatu nahi dituztela aurreratu du Collantesek. Pixkanaka-pixkanaka gauzak lotzen doazela eta udala bidelagun izatea espero dute. Kirol zinegotziak adierazi du 75. urteurrenarekin bat egiten dutela eta udaletik laguntzeko prest daudela.

Azkoagak gogora ekarrri du kirol elkartearekin batera hondartzako futbol txapelketak ere 75 urte beteko dituela datorren denboraldian, eta horren inguruan ere ekitaldi bereziak izango direla.