Itu-larriak jota

Amagoia Gurrutxaga Uranga / Berria.eus 2018ko abu. 9a, 10:38
Itu bandaren emanaldietako batean, Paul Beitia eta Jon Gurrutxaga. (@iPatxi)

Itu bandari buruzko erreportajea landu du Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak Berria egunkarirako. Besteak beste, Paul Beitia zarauztarrarekin hitz egin du.

Udaberrian loratu zen Itu banda, nola ez, Zarauzko (Gipuzkoa) Eguzki tabernaren terrazan. Kontua da Franz Kafka, Virginia Woolf eta Anton Txekhoven bibotea kafea hartzera eseri zirela hementxe. Hutsa eta hirukoitza, ebakia eta deskafeinatua, hurrenez hurren. «Eguraldiaz, literaturaz eta ateen, kale argien, mahaien poetikotasunaz elhaketan». Halaxe utzi zuten idatzita bandakideek Itu fanzinearen lehen zenbakiaren aurkezpenean. «Nik ez nuen Txekhoven lana ezagutzen», dio Paul Beitiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1997) orain. Duela bost urteko terraza bileran, itukide izaten hasi zen. Eta Txekhov ezagutzen. Ondoan zituen lehen bilera hartan Peru Iparragirre (Tolosa, Okzitania, 1996) eta Alazne Arruti (Usurbil, 1996).

Elkarren gertuan bizi ziren lagunen arteko kontua izan zen, Beitiaren arabera. Iparragirrerekin bazeukan harremana, baina ez omen ziren literaturaz hitz eginak inoiz. «Peruk bezerabilen buruan talde bat sortzeko asmoa, letren inguruan aritzeko. Uste dut beste saiakera frustatu bat ere egin zuela, baina hura ez zela atera, eta mezua bidali zidan Whatsapp-ez, talde bat sortu nahi zuela esanez. Uste dut literatura fanzine bat argitaratzeko asmoa zeukala ere esan zidala». Eta baietz erantzun berak. Literaturzaletasun handia baitzeukan ordurako. Hasierako juntadizo haren bueltan, euskal literaturari buruzko Armiarma webguneko literatur aldizkarien gordailuko ale guztiak irentsi zituzten: Igela, Pott, Oh Euzkadi!, Susa... Beren aurrekoen lanak ikusteak «eragin handia» izan du haiengan denboran zehar, Beitiaren ustez.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus