Merkatuko postuak esleitzeko lehiaketa ireki du udalak

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 12a, 10:00
Zarauzko udal merkatuko salmenta postuak. (Zarauzko Udala)

Eskaerak hilaren 31ko 15:00ak bitartean aurkeztu ahal izango dira, eta udalak lehiaketan parte hartzera animatu ditu baserritarrak nahiz beste saltzaileak.

Udal merkatuan hutsik dauden postuak –irekiak nahiz itxiak– esleitzeko lehiaketa deialdia egin du udalak. Lizitazio iragarkia abuztuaren 8an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta postuetako bat erabili nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute udaleko erregistro orokorrean, iragarkia kaleratu eta 15 laneguneko epean; hau da, abuztuaren 31ko 15:00ak bitartean.

Ekonomia sustapeneko zinegotzi Jesus Aranak azaldu duenez, lehiaketaren helburua da udal merkatua sustatzea eta dinamizatzea, "lehen sektoreak merkaturatze sistema honen aukera izan dezan, kontsumitzaileak produktu osasuntsua eskuratu dezan, herriko merkataritza indartzeko eta, azken finean, Zarautz herri bizia eta dinamikoa izateko". Alde horretatik, lehiaketan parte hartzera eta merkatuan postua eskuratzera animatu ditu baserritarrak nahiz beste saltzaileak.

Merkatuko salmenta postuen esleipen prozesuaren inguruan informazio zabalago jaso daiteke udaletxean, jendaurreko arreta ordutegian: 08:30etik 15:00etara.