Bizitza Da Handiena ekimenaren harira, elkartasun zozketa egingo dute egunotan

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 15a, 11:23

Mariskada zozkatuko da, eta bildutako dirua Donostiako Herri Borroken Astean parte hartu zuten kideei jarritako isunei eta bertan atxilotutako bi zarauztarrei irekitako prozedura judizialek ekar ditzaketen gastuei aurre egiteko bideratuko da.

Donostian maiatzean antolatu zuten Herri Borroken Astea, Turismoaren Munduko Erakundeak bertan egindako goi bilera baliatuz. Mugimendu honetan parte hartu zuten kideek, hainbat isun, identifikazio eta atxiloketa jasan zituzten. Tartean, bi zarauztar izan ziren atxilotuak. Orain, prozedura hauei aurre egiteko, elkartasun zozketa antolatu dute Zarautzen. Parte hartzeko txartelak abuztuaren 15ean eta 16an salduko dira, Musika plazan, 12:00etatik 21:00etara.

Hona hemen zozketaren antolatzaileek zabaldu duten irakurketa:

"Turismoaren Munduko Erakundeak maitzean egindako goi bilera baliatuz, herri borroken astea antolatu zuten Donostian hainbat lagunek, dozenaka eragileren babesarekin. Eraikin publiko bat okupatu eta hainbat bilkura eta ekitaldi egin zituzten, eredu kapitalista-patriarkalak eta turistifikazioak herritarrei  dakarzkigun kalteak salatzeko.

Poliziaren errepresioa izan zen beste behin erantzuna: isunak, identifikazioak eta bi zarauztarren atxiloketa, besteak beste. Protesta baketsu batentzat izugarrizko operatiboa jarri zuen Ertzaintzak, eta bertan parte hartzeagatik bortizki kolpatu eta atxilotu zituzten bi zarauztar, era guztietako agintariak Tabakaleran pintxoak jaten ari ziren bitartean. 

Irailaren 17rako zitazio bat jaso dute orain, desordena publikoa eta lesioak leporatuta. Donostian aste osoan jasotako isunei eta prozedura horrek ekar ditzakeen gastuei aurre egiteko, mariskada bat zozkatuko dugu Zarautzen, abuztuaren 15ean eta 16an. Musika plazan izango gara 12:00eatatik 21:00etara. Zozketa ostegun iluntzean egingo da Musika Plazan bertan, eta Arraio Irratiaren  bidez jakinaraziko da.

BIZITZA DA HANDIENA!".