Arraun giroz dator asteburua

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 16a, 14:23
Jon Artola, Xabier Txurruka, Ixidor LarraƱaga eta Xabier Zubiri, Zarauzko estropadetako banderekin. (Aritz Mutiozabal)

KAE 1 ligako, Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako estropadak jokatuko dituzten datorren larunbatean eta igandean, amabirjinetako Aste Nagusiaren barruan.

Arraunaren festa izango da herrian asteburu osoan. Larunbat eguerdian ekingo diete estropadei, 12:00etan, KAE1 ligako Zarautz Arraun Elkartearen IX. Ikurriñarekin, zeinean etxeko trainerua lehiatuko den. Larunbat arratsaldean eta igande goizean, jardunaldi bikoitz klasikoan, Zarauzko X. Ikurriña Euskotren Ligan eta XLI. Zarauzko Estropadak Eusko Label Ligan izango dira jokoan. Larunbatean 18:00etan hasiko dira lehian, eta igandean 11:45ean; aurten ordu laurden aurreratu dute bigarren jardunaldia, eta San Juango batelerei Euskotren Ligako garaileren koroia eman ondoren hasiko da.

Gaur eguerdian aurkeztu dituzte estropadak, Karlos Argiñano jatetxearen terrazan, eta Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du entzute handiko proba dela Zarauzkoa, "arraun talde eta arraunzale askok gorriz azpimarratuta dutena urteko egutegian". Esandakoarekin bat egin du TKEko komunikazio arduradun Xabier Zubirik, eta adierazi du ligako inportanteenetako bat dela, zalantzarik gabe.

Gizonezkoetan liga pil-pilean dagoela dio Zubirik, eta emakumezkoetan San Juanek emadako mailarekin "harrituta" daudela: "Jada liga irabazi dute, eta bosgarren urtez txapeldunaren saria jasoko dute Zarautzen". Bestalde, eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari, emakumezkoen estropadak antolatu zituen lehena izan zelako: "Orain arte gurekin izan dira, beti emakumezkoen estropadak babesten".

Iaz bezala, gune ludiko atonduko dute Musika Plazan, bai larunbat arratsaldean bai igande eguerdian.

"Zarauzko estropadez harro"

Jon Artola ZAEko presidenteak azpimarratu zuen Zarauzko estropadez "harro" daudela herritar guztiak, eta urte hauetan guztietan posible egin eta egiten dutenei eskerrak eman dizkie. Baita boluntario lana egiten dutenen prestutasuna nabarmendu ere. Era berean, larunbat eguerdian Enbata animatzera joateko deia egin die herritarrei, "gure mutilak atzo Plentzian lortu ez zutena lortzen saiatuko direlako". Xabier Txurruka alkateak zorterik onena opatu die herriko traineruari, "ikusten baitugu behetik gora datorrela", eta herritarrei bertaratzeko eskatu die, "helburua lortzeko guztion indarra beharko baitu".

Bestalde, Eusko Label Ligaren erdira sailkapeneko lehen postuan iristen den taldeari Rosario Florez saria eman ohi zaio urtero, eta Zarauzko Estropaden aurkezpen ekitaldia baliatzen dute oroigarria emateko. Aurten ere Urdaibairi egokitu diote, eta taldeko entrenatzaile Joseba Fernandezek jaso du alkatearen eskutik.

Rosario Florez saria jaso du Joseba Fernandezek (Aritz Mutiozabal)