Zabalak, Mendizabalek eta Kaabestrik kontzertua emango dute ostiralean

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 22a, 12:18
Xabier Zabala, 2017an grabaketan. (Hitza)

Udako Musikaldiaren XXX. urteurrenaren harira antolatutako kontzertu berezia da honakoa, eta 22:00etan parrokian izango da. 

Udako Musikaldiaren XXX. urteurrena dela eta, kontzertu berezi bat antolatu dute aurten; Xabier Zabala eta Garikoitz Mendizabal Kaabestri taldearekin arituko dira. Emanaldia parrokian izango da, ostiral honetan, abuztuak 24, 22:00etan.

Xabier Zabalak pianoa eta akordeoia joko ditu, eta zuzendaritza musikala ere bere gain hartu du. Garikoitz Mendizabalek txistuak joko ditu. Kaabestri taldea honako kide hauek osatzen dute: Oscar Lopez (lehenengo biolina), Igor Torre (bigarren biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Pedro Martinez (tronpa), Alazne Alberdi (tronpa) eta Roberto Pacheco (perkusioa). 

Bestalde, ostiraleko kontzertuan bi gonbidatu berezi ere izango dira: Alberto Urretxo, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren tronboi bakarlaria, eta Miren Fernandez, abeslari eta aurkezlea dena. Kontzertuak pieza ugari barnebilduko ditu, guztiak Xabier Zabalarenak. Besteak beste, Adagio, Ondoan edo Unblenble! abestiak joko dituzte, eta Mollarri ere estreinatuko dute.