Nadia Erostarbek irabazi du Europako WSL junior zirkuitua

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 27a, 10:21
Nadia Erostarbe eta Marco Mignot, Europako WSL junior zirkuituko txapeldunak. (@revista3sesenta)

Galizian izan da lehiaketa, eta igandean jokatu ziren azken probak. Finalerdietara iritsi zen surflari zarauztarra, eta bertan Juliette Lacome gailendu zitzaion arren, Europako junior titulua irabazi zuen. 

Pantinen (Galizia) jokatu berri da Europako WSL junior surf zirkuitua, nesken zein mutilen kategoriekin. Nesken kategorian, Nadia Erostarbe zarauztarra izendatu dute Europako txapeldun. Txapelketa osoan zehar batzen joan zen puntu kopuruari esker, final laurdenetara iritsi zenerako, finalerdietara pasatzearekin nahikoa zuen Erostarbek zirkuituko irabazle izateko.

Honela, finalerdietara iritsi zen zarauztarra, eta Juliette Lacome Biarritzeko surflariarekin lehiatu zen. Lacome nagusitu zen proban, finalerako sarbidea eskuratuz, eta Erostarbe hirugarren postuan gelditu zen. Dena den, aldez aurretik egindako ibilbideari eta batutako puntu kopuruari esker, zirkuituko txapeldun izatea lortu zuen. Junior mailako, hau da, 18 urte bitarteko Europako titulu garrantzitsuena irabazi du surflari zarauztarrak.