Euskal Astea 2018

Orga lehiaketa antolatu dute irailaren 9rako

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 28a, 12:19
Pako Astigarragak irabazi zuen iazko orga lehiaketa. (Zarauzko Hitza)

Parte hartzaileek irailaren 8a baino lehen eman beharko dute izena. Gaia librea izango da, baina euskal kulturarekin edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia izan behar du.

Aurten ere, orga lehiaketa antolatu du Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Departamentuak. Irailaren 9an izango da, Euskal Jai egunean. Orga egiteko gaia librea izango da, baina euskal kulturarekin edo Euskal Jaietako ohiturekin izan beharko du zerikusia.

Zarautzen erroldatutako edonork har dezake parte lehiaketan. Izen-ematea irailaren 8an itxiko da, 14:00etan, eta Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Departamentuan eman behar da izena. Parte hartzaileek zenbaki bat jasoko dute, eta bistan eraman beharko dute Euskal Jai egunean.

Orga guztiak Lege Zaharren enparantzara eraman beharko dira irailaren 9an, 13:30ean. Egun horretan ordu horretan izango da sari banaketa. Epaimahaia Zarauzko alkateak, Turismo, Ekitaldi eta Jaietako zinegotziak eta artearekin harremana duen pertsona batek edo beraiek izendatutako ordezkariek osatuko dute, eta beren erabakia ezingo da errekurritu.

Guztira, 1.935 euro banatuko dituzte saritan. Lehenengo saria 300 eurokoa da, bigarrena 200 eurokoa eta hirugarrena 150 eurokoa. Gainerako 1.300 euroak epaimahaiaren iritziz gutxieneko mailara iritsi diren parte hartzaileen artean banatuko dira, baina bakoitzak ez ditu 150 euro baino gehiago jasoko.

Parte hartzaileek ezingo dituzte supermerkatuetako orgak erabili, eta orgetan ezingo da publizitaterik jarri. Bestalde, antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketara aurkezteak arau guztiak onartzea dakar berarekin.

Iaz 13 orga aurkeztu ziren lehiaketan, eta Pako Astigarragak eskuratu zuen sari nagusia. Aurten, hirugarrenez antolatu dute sariketa hau.