Inauguratu dute Azken Portu Goiko igogailua

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abu. 30a, 17:58
Xabier Txurruka alkateak, Iban San Martin Kirol zinegotziak eta hainbat auzotarrek inauguratu dute igogailua. (Amaia Ubieta Arruti)

Erabilera pubikoa izango du igogailuak, eta printzipioz, 24 orduz egongo da erabilgarri.

Salbide auzoa eta Azken Portu Goia lotzen dituen igogailua erabilgarri dago jada. Auzotarrak azpiegituraren eskaera egiten aspalditik zebiltzala azaldu du Xabier Txurruka alkateak, eta herriko irisgarritasuna "nabarmen hobetzen duela".

Herritar guztientzat zabalik egongo da igogailua, 24 orduz, eta bost segurtasun kamera izango ditu guztira. Obren aurrekontua 757.000 eurokoa zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetik, irisgarritasuna hobetzen duten proiektuei ematen zaien 150.000 euroko diru-laguntza bat jaso du Zarauzko udalak, proiektua aurrera ateratzeko.

Igogailuak bi zati nagusi dauzka: pasalekua eta dorrea. Dorrearen altuera, guztira hogei metro ingurukoa da. Pasalekua pieza bakar batean ekarri zuten Gasteiztik eta gau bakarean jarri zuten. Igogailuak, gehienez, 2000 kilo edo 26 pertsona igo edo jaisteko gaitasuna dauka.

Azken Portu Goiko herritarrak "oso gustora" agertu dira azpiegitura berriaren aurrean. "Behar handia zegoen, auzotar batzuk oso helduak gara eta honek abantaila handiak ematen dizkigu egunerokorako".