Euskal Astea 2018

Alkohol kontsumoaren eta indarkeria matxistaren prebentziorako kanpaina Euskal Jai Egunean

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 4a, 11:54
Ai Laket! elkartearen karpa. (Eldiario.es)

Zarauzko Udalak sentsibilizazio kanpaina bideratuko du, Ai Laket! elkarteko kideekin batera. 11:00etatik 18:00etara antolatu dituzte prebentzio lanak.

Euskal Jai Egunean, irailak 9, alkohol kontsumoaren eta indarkeria matxistaren prebentziorako sentsibilizazio kanpaina izango da, Zarauzko Udalak jakinarazi duenez. "Kontuan edukita egun horretan eta jai horretan goizean hasi eta egun guztian zehar alkohol kontsumo handiak egiten direla, eta herriko eta inguruetako nerabe asko etortzen direla, alkoholaren erabilerak sortu ditzakeen arriskuak gutxitzeko programa eta indarkeria matxista prebenitzeko programa bideratuko dugu".

Udalaren arabera, honako hauek dira programa honen helburuak:

  • Prebentzioa: alkoholaren inguruko informazio objektiboa eta bestelako arrisku murrizketarako materialak eskaintzea.
  • Bizikidetza: kalean burututako alkohol erabilerak eragin ditzakeen arrisku edo liskarrak gutxitzea, bizikidetza bultzatzen duten gomendioak emanez (zaborra jaso, errespetua izan...).
  • Alternatibak: alkoholaren erabileratik kanpo dauden bestelako aisialdi aukerak eskaintzea.
  • Indarkeria matxista prebenitzea eta gai honen inguruko sentsibilizazioa garatzea.

Euskal Jai Egunerako diseinatutako programak formatu ibiltaria izango du. Ai Laket! elkarteko kideak gazteak biltzen diren inguruetara hurbilduko dira, prebentzio lanak egiteko. Guztira, zortzi kide ariko dira herrian zehar, 11:00etatik 18:00etara. "Jaietan alkohola eta beste substantzien menpe jarrera desegokiak izaten ditugu askotan, indarkeria, irainak eta antzeko portaerak areagotzen dira. Egoera horiek ekiditea da programa honen helburuetako bat", gehitu du udalak.

Ai Laket!eko kideek ura, janaria, alkoholaren erregletak, zabor poltsak, preserbatiboak, informazio liburuxkak eta pegatinak banatuko dituzte, besteak beste. Material hau guztia banatzearekin batera, aipatutako gaiei buruzko informazioa eta aholkuak emango dizkiete nerabe zein gazteei.

Bestalde, irailaren 9an taxibus zerbitzua ere izango da, 01:00etatik 05:00etara, udaltzaingo parean. Erasoren bat jasan edo ikusiz gero, 112 zenbakira deitzeko deialdia ere egin dute.