Gazteei zuzendutako Hideilab proiektua aurkeztu dute

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 13a, 14:25
Nice Lazpita 'Nor gara'ko kidea eta Jon Andoni Urdangarin Gazteria zinegotzia Hideilab proiektuaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

18-30 urte bitarteko gazteen ekintzailetasuna sustatzeko asmoz jaio da egitasmoa, eta taldeka proiektuak sortzeko dinamikak jarriko ditu martxan.

Gazteria zerbitzuaren iniziatibaz jaio da Hideilab proiektua, gazteen ekintzailetasuna sustatzea helburu duena. 18-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmo bat da, eta gaur, Jon Andoni Urdangarin Gazteria zinegotziak eta Nice Lazpita 'Nor gara' aholkularitza proiektuko kideak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Urdangarinek adierazi duenez, gaur egun hainbat erakunde pribatuk badituzte ekintzaileei bideratutako laguntza eta aholkularitza egitasmoak, "baina batik bat ideia batetik abiatzen dira". "Ideia bat dago, eta ideia hori gauzatzeko behar diren urratsen inguruko aholkuak ematen dituzte, baina inola ere ez da izaten ideia bat sortzeko edo ideia bat lortzeko prozesua lantzeko aholkularitza bat".

Beraz, "0 puntu" horri garrantzia eman eta gabezia horri erantzuteko ikusmirarekin jaio da Hideilab proiektua. "Gazteek ez dute zertan aldez aurretik ideia batekin etorri behar", azaldu du zinegotziak. Nice Lazpitak adierazi du egitasmo honek hainbat atal izango dituela bere baitan: ekintzailetasuna sustatzea, gazteek taldean lan egiten ikastea eta ideiak sortzeko eta ideia horiek proiektu bihurtzeko tresnak zein metodologiak eskaintzea.

Prozesu honetan, bi fase bereiziko ditu Hideilabek: ideien sorrera, erronkak identifikatzea eta ideia egokienak hautatzea, alde batetik, eta bost pertsonako taldeetan ideiak horiek proiektu bihurtu eta gauzatzea, bestetik. Bestalde, hiru profil desberdinek hartuko dute parte: proiektuetako partaideek, proiektuetako tutoreek eta aholkulariek (enpresariak edo ekintzaileak).

Hideilabeko izen-ematea datorren astelehenean, irailak 17, irekiko da, eta bi asteko epea izango da. Gazteria Informazio Bulegoan edo Herritarren Arreta Zerbitzuan eman ahalko da izena, edo baita internetetik ere, Gazteria Sailaren webgunean galdetegi bat betez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, eskuorriak jarri dituzte Zarauzko hainbat ikastetxetan eta udalak kudeatutako zenbait espaziotan, hala nola, Gaztelekuan, kiroldegian, Herritarren Harreta Zerbitzuan edo Gazte Informazio Bulegoan. Gazteria Sailaren webgunean ere informazioa argitaratu dute, eta sail honen Whatsapp zenbakira idazteko aukera ere badago: 688 812 439.