Oier Aranzabal: «Ezezagunera bidaia da filma»

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ira. 20a, 09:00

Zinemira sailean aurkeztuko dute Oier Aranzabal zarauztarraren ‘Margolaria’ filma, Donostiako Zinema Jaialdian. Lanak artistaren bizimoduaren inguruko hausnarketa bat proposatzen du.

Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna da Oier Aranzabalek (Zarautz, 1988) zuzendutako Margolaria lana. Donostiako Zinemaldian Zinemiran lehiatuko da, Irizar saria eskuratzeko. Larunbatean estrei-
natuko dute.

 

Zuk zuzendu duzu Margolaria filma, baina gertuko bidelagunak izan dituzu, ezta?

Proiektua nik eta nire bikotekidea den Intza Larrañagak hasi genuen. Oso pertsonala izan da zentzu horretan. Horrelako proiektu bat ateratzeko baldintza batzuk eman behar dira: alde batetik, hori egitea ahalbidetuko dizun egoera pertsonal bat izan behar duzu, eta ni egoera horretan nengoen momentu hartan. Autonomo egin nintzen, eta nire kabuz hasi lanean. Gero, istorio bat eduki behar duzu kontatzeko, eta pertsonaia bat. Orduantxe Mikelekin [Urdangarin] egin nuen topo Alain Urrutiaren erakusketa batean, beraz, baldintza guztiak batu ziren.

Gerora, proiektuaren fase ezberdinetan jende berria batu da. Maluta films ekoiztetxeak proiektuaren aldeko apustua egin, eta horrek dena aldatu zuen. Ritxi Lizartza da ekoiztetxeko burua eta proiektua asko gustatu zitzaion, eta horrek dena profesionalizatu zuen. Gidoia idazten hasi ginen lagun minak garen Xabier Etxeberria, Martin Etxeberria eta hirurok. Nire lehengusu Iker Trebiño, ikus-entzunezkoetan ibilbide bat daukan pertsona, berriz, laguntzera sartu zen filmazioan. Haren begiradak asko lagundu du.

Niretzako ikasketa prozesu bat izan da, ziur asko, kazetaritzako ikasketetan baino gehiago ikasi baitut bi urte hauetan. Egiten ikasten da asko, eta nik fase guztien inguruan ikasi dut izugarri.


Irizar Sarietarako hautatu dute Margolaria filma, beste hainbat euskal ekoizpenekin batera. Euskal ekoizpen gisa, ordea, %20a euskaraz den hori hartzen dute.

Bai. Badaude kortse batzuk, eta horietan sartu behar duzu bai edo bai. Espainiako Kultura Ministeriotik diru laguntza lortu nahi baduzu, esaterako, zure ekoizpena espainiarra izango da. Irizar Sarien kasuan baldintza da %20a Euskal Herrian ekoiztua izatea. Baldintza horiek bete behar dituzu bai edo bai.

Alde horretatik, egoera ez da ona, baina ikusi da euskal zinemak aurrerapauso asko eman dituela. Dena den, iruditzen zait ez daukala Euskal Herrian antolatzen den jaialdi batean izan beharko lukeen pisua. Jende asko dago hor lanean, errespetua zor zaie eta ziur hori hobetzen saiatzen ari direla. Hala ere, nik nahiago nuke beste neurri batzuetan zehaztuko balituzte aurkezteko baldintzak. Baina, tira, oraingoz hor sartu behar duzu, edo ez zaude.

Gainera, zinema oso asimilatuta dago. Hori aldatzea ez da erraza, esfortzu asko egin beharko litzateke bertako erakundeetatik, eta ez da egiten. ETBrekin berdina gertatzen dela iruditzen zait, nahiz eta sorreran euskarazko telebista gisa sortu zen, gaur egun oso asimilatuta dago. Ez da borroka erraza, baina uste dut denon artean aldatu beharreko gauza bat dela.


Erabaki formal oso markatu batzuk hartu dituzu filmean. Soinuak, esaterako, ikaragarrizko pisua dauka.

Bai, eta isiltasunak. Tira, isiltasuna soinuak dira, isiltasuna ez da existitzen. Isiltasunak ematen digu ahalmena bestela entzungo ez genituzkeen soinu asko entzuteko. Artista baten istorioa kontatzen du filmak. Ez Mikelena, Mikelena ere bai, baina artista generikoaren istorioa da, azken finean. Musikak pisu handia dauka, beraz, soinuak garrantzi handia hartzen du zentzu guztietan. Isiltasunetik hasten da dokumentala, eta horixe da musikariaren orri zuria.


Joan-etorriaren kontzeptua ere etengabe agertzen da. Artistaren betetzeaz eta husteaz hitz egiten da, ‘road movie’ forma hartzen du une batzuetan...

Bidaia bat da dokumentala, bai zentzu metaforikoan, baita fisikoan ere. Artistaren beraren sorkuntza prozesuan egiten da bidaia, baita artistaren bizitzan  ere. Ezezagunera egiten den bide bat bezala dago kontatua, artistak koadroro edo diskoro ezezagunera egiten duelako bidaia, eta itzultzean lehen baino beteago, edo batzuetan hustuago dagoelako. Hori kontatzen du dokumentalak. Bertan agertzen diren pertsonaiek artista horren ahotsetik hitz egiten dute. Mikel  da ardatza, baina agertzen diren guztiek artista generiko horren ahotsetik hitz egiten dute.


Kamera kanpoko elementu bat da, alegia, elkarrizketa guztiak pertsonaien artekoak dira.

Bai. Hasieratik helburu gisa jarri genuen kamera aurreko elkarrizketak saihestea. Garrantzi handia hartu du Mikelek, bere bakardadean. Bakardade horretan txertatu ditugu bere inguruko artisten eta lagunen elkarrizketa modukoak, baina Mikelen buruan gertatuko balira bezala. Enigmatikoa izan dadin saiatu gara; alegia, ez egotea oso argi Mikelen buruan dauden elkarrizketak diren, oroitzapenak, gertatua den iragan bat...

Alde batetik, bizkarrezur oso dokumentala dauka filmak. Entseguak, kontzertuak... horietan gertatu dena harrapatu dugu. Oro har, dokumentala ez da horren perfektua teknikoki, baina guretzat akatsak ematen dio indarra. Beste bizkarrezur bat ere badu, ordea. Bidaia eta pertsonaia horiek, fikziotik gehiago daukan begirada batekin kontatuta daude. Dena da erreala, baina fikziozko kode bat dauka zati batek. Bien arteko oreka mantendu nahi izan dugu.


Euskal musikari baten egoera erakusten du filmak. Ez dira asko izango musikari izatetik bizitzea lortzen duten artistak.

Batzuk egongo dira, baina oso tipologia ezberdinak daude. Berri Txarrak taldekoak musikatik bizi dira, soldata bat lortzen dute. Ruper Ordorikak ere bai, baita Mikelek ere. Baina gero Rafa Rueda bat ere badago, proiektu ezberdinetan parte hartuz, musikatik bizi dena. Musikari gutxi daude musikatik bizi direnak, eta Euskal Herrian are gutxiago.

Dokumentalean oso presente dago estigma hori: norbere artea ofizio bihurtzea jende askok ez du ulertzen eta ez du onartzen. Jendea musikariek kontzertuengatik asko kobratzen dutelako kexu da. Azken batean, zifra handi horiekin geratzen dira batzuk, baina zifra horiek ez dira errealak. Langile horiek autonomo kuota ordaindu behar dute, eta taldea musikariez gain langile askok osatzen dute. Balioa eman behar diogu beren lanari.

Askotan, ezkertiartzat daukadan jendeari entzuten dizkiot kritikarik gogorrenak. Alde batetik, langileen eskubideen aldeko diskurtsoa dago, baina gero, gure langile prekarioenetarikoak direnak, artistak, ez ditugu berdin babesten. Hori bai, Tom Waitts datorrenean Kursaalera joaten gara eta 70 euroko sarrera ordaintzen dugu. Behingoagatik hori onartu beharko dugu, bada garaia gure musikariak gustuko ditugun kanpoko beste musikarien neurri berean epaitzeko.

 

Zu zeu musikaria izanik, kasualitatea al da istorioaren ardatza musikari bat izatea?

Musikaren munduan sartu nintzen Lou Topetekin, baina ni ez naiz musikari kontsideratzen. Ez da kasualitatea ez. Ezagutzen dut  musikarien errealitatea apur bat, eta dokumentalean sortu zitezkeen hainbat egoera aurreikusi nituen. Are gehiago, kontatu nahi nituen hainbat gauza identifikatuak nituen. Artista generiko horren bizitza nahi genuen kontatu, baina ardatza musikaria izatea ez da kasualitatea. Akaso, kontaktu gehien daukadan diziplina musika da. Bide horretan, kazetari naizen aldetik, gogoa neukan hau kontatzeko eta sor zitezkeen hausnarketak dokumental batean jartzeko. Baldintzak eman ziren, eta emaitza esku artean dugu.


Pozik al zaude emaitzarekin?

Bai. Oraindik ez daukat nahikoa distantzia epaitzeko, baina gustura gelditu naiz. Orain, elkarbanatzeko gogoa daukat, eta jendeak bere iritzia eman dezala.


Margolaria ikusteko sarrerak ziztu bizian saltzen ari dira, ezta?


Bai, ez badira agortu, laster agortuko dira. Erantzuna oso ona izan da, eta orain lau emanaldi egongo dira, ea jendeak zer esaten duen. Martxora arte ez da estreinatuko zine aretoetan. Gainera, Zinemaldiak modu oso primitibo batean bultzatzen du jendea zinemara. Niri gustatzen zait, zinemara zoazenean inoiz ez baitakizu zer topatuko duzun. Behin Koldo Almandozi entzun nion, film bat zineman edo ordenagailuan ikustea, igerilekuan bainatzea eta itsasoan bainatzea bezala dela. Itsasoan usaindu dezakezu, egon zaitezke leku amaigabe batean... igerilekua erosoagoa da beharbada, baina ez da gauza bera.