Joseba Argiñano: «Sukaldaritza desfasatzen ari da gaur»

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 23a, 10:23
Joseba Argiñano, aurreko denboraldian izan zuen telebista saioan.

Ez da harritzekoa Joseba Argiñano sukaldari izatea, Karlos Argiñanoren semea eta Eva Argiñanoren iloba izanik. 'Historias a Bocados' saioa aurkeztuko du ETB2n gaurtik aurrera.

Joseba Argiñano (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) gozogilea da. Fai Hung sukaldariaren lekukoa hartu du gaurtik aurrera ETB2ko Historias a Bocados saioa aurkezten. 20:00etan ikusi ahalko da lehenengo atala.

Auto lasterketetako pilotua izan nahi zenuen. Nola desbideratu zinen?

Beti gustatu izan zaizkit auto lasterketak. Anaia zaharrenarekin ibiltzen nintzen karting eta halakoetan. Txapelketa batean hartu nuen parte: 200 pertsonak eman zuten izena, eta 100 sailkatu ginen Olaberrian [Gipuzkoa] txapelketa egiteko. Horretan, lehen kanporaketa pasatu nuen, eta 25 bat geratu ginen. Hurrengoan, ordea, lau besterik ez ziren pasatu. Seigarren sailkatu nintzen, eta hor amaitu zen nire ibilbidea. Halere, ez naiz inoiz lehiatzekoa izan, gehiago gozatzekoa. Gaur, ematen du irabazi egin behar duzula beti, bestela ematen duelako ez duzula ezertarako balio. Umeak, gaur, entrenatzen dira txapelketa egiteko. Tristea iruditzen zait: umeek kirolean ondo pasatu behar dute.

Sukaldean filosofia bera daukazu?

Sukaldea elikatzea da, ezer baino lehen. Gaur, jendeak nahi du sukaldari izan eta bakailao aparra egin, jakin gabe bakailaoa Bizkaiko erara egiten. Guk etxean ikasi dugu bazkariak lehengai onekin egin behar direla, sinple, gisatuz, frijituz eta gozatuz. Ematen du ez zarela sukaldaria ez badituzu aparrak egiten edo patata batekin esfera bat egiten. Sukaldaritza desfasatzen ari da gaur. Nik produktua erabiltzen duen sukaldaritza gustatzen zait, eta puntua bilatzea, ez sekulako apaingarriak egin, eta, biharamunean, bihotzerrea.

Aitaren antza duzu, baina gozogilea zara. Izebaren aldekoa atera zara sukaldaritzan?

Oso bizia izan naiz beti, eta gozoa beti etorri zait ongi, gora etortzeko energia azkarra lortzeko. Halere, oso ondo moldatzen naiz gazia prestatzen, eta lagunak beti desiratzen daude soziedadean nik zeozer prestatzeko. Bartzelonan urtebetez ikasi nuen gozogintza: txokolatea nola erabili, bonboiak eta turroia nola egin... Eta izugarri gustatu zitzaidan. Gozogintzak beste abantaila bat du: jatetxeko lana gogorra da berez, goizetik gauera eta asteburuetan ere egin behar delako lan. Baina ni goiz jaikitzekoa naiz, eta, gozoak goizean prestatzen dituzunean, arratsaldeak libre dituzu.

Telebista ez zaizu arrotz: iaz Cocina Abierta saioa aurkeztu zenuen Nova kanalean. Balioko dizu esperientziak ETBrako?

Txikitan, Kanarietako bananen inguruko iragarki bat egin nuen aitarekin [1995ean]. Cocina Abierta esperientzia ona izan da, baina Historias a Bocados saioarenak ilusio handia egin dit. Izan ere, platoan gustura nengoen, baina ez nuen orain bezainbeste disfrutatzen. Orain, herriz herri joan, jendea ezagutu... Oso aberasgarria da niretzat. Aurrekoan, nik besteei gauzak prestatzen erakustea zen kontua; honetan, berriz, nik ikasten dut besteek herrietan zer egiten duten.

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.