Ekonomia alternatibo eta solidarioaren azoka izango da larunbatean

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 2a, 12:07
Aurreko urteko azokako une bat. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatu du bosgarrenez, eta alor desberdinetako proiektuek eta ekoizleek beren lana eta produktuak ezagutaraziko dituzte. Lege Zaharren enparantzan izango da, 10:00etatik 14:30era.

Zarauzko Solidaritate Koordinadoraren eskutik, datorren larunbatean, urriak 6, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Azoka ospatuko dute Zarautzen. Bosgarren edizioa izango da honakoa. Larunbatean, 10:00etatik 14:30era, eskaintza zabala aurkituko dute Lege Zaharren enparantzara bertaratzen direnek: ekonomia alternatiboa, inguruko produktuak, berrerabilpena eta birziklapenaren inguruko iniziatibak, aseguruak eta banku etikoak, energia alternatiboa, ehungintza naturala...

Azokan alor desberdinetan aritzen diren ekoizle eta proiektu ugari izango dira, beren standekin: Agerreburu gazta ekoizlea (Odriozola anai-arrebak), Emaus (birziklatutako materialekin hainbat produktu egiten dituena), Hotz Zarautz (errefuxiatuak), Acoes (Honduras), Proyde-Proega (bidezko merkataritzako produktuak), Greenpeace, eta abar.

Zarauzko Solidaritate Koordinadoratik jakinarazi dutenez, erosleen artean Emausek birziklatutako materialarekin egindako bi erosketa orga zozketatuko dituzte. Bestalde, Zarauzko Agenda 21 Emausen laguntzarekin sustatzen ari den 'Zarautz poltsarik gabeko herria' proiektuaren harira, poltsa biodegradagarriak erabiliko dira azokan. Plastikoak jaso ahal izateko kaiola bat ere jarriko da, eta erosleei "erosten ditugun eguneko produktuetako edukiontzi eta plastikoak botatzeko" deialdia egingo zaie.

Koordinadoraren esanetan, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Azokaren bidez, "eskuragarri dauden proposamenak zarauztarrek ezagutu eta erabiltzeko aukera izatea nahi dugu. Jadanik bada jende asko alternatiba ez-esklusibo hauen barruan mugitzen dena, arrazoia eta jendea garrantzitsuak direlako". Horretaz gain, azokako salerosketetan martxan jarriko diren praktiken bidez, "biztanleria kontzientziatu nahi da sortzen dugun plastiko guztiak ingurumenean eta gure osasunean egiten duen kalteaz".