Kilometroen parte izatera animatu dituzte zarauztarrak

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 26a, 11:56
2004ko Kilometroak Zarautzen. (Nerea Uranga)

2019an Zarautzen izango da Kilometroak festa. Eguna antolatzeko lan-taldeak zehaztu dituzte jada, eta hauetan parte hartzeko izen-ematea ireki dute. "Auzolanari esker izan dira posible festa hauek, nola bestela. (...) antolaketa eredua parte hartzailea da, eta noiz eta parte hartzaile gehiago izan festa osoagoa, koloretsuagoa eta bikainagoa izango da".

Kilometroetan parte hartzeko deialdia

Hona hemen Salbatore Mitxelena Ikastolatik zabaldu duten komunikatua, 2019an Zarautzen izango den Kilometroak festaren harira:

"Zikloa borobiltzea dagokigu!

Zarautzek izango du ohorea 2019an Kilometroak festa antolatzeko. Eta jakina denez, eredu honetako azkena Zarautzera dator. Euskara ardatz, ikastolen aldeko proiektua sustatzeko zirkuitu bat eraiki, gune batzuk sortu, ekintzak antolatu eta auzolanean lortutako dirua proiektu horren mesedetan jartzen 1977an hasi ziren, Beasainen. Beste jauzi bat emango da 2020an, Gipuzkoako ikastola guztiak izango dira festaren antolatzaile. Euskaraz bizitzea ardatz hartuta, jai eredu hori definitzen dihardu ikastolen elkarteak.

Baina egungo ereduak gure herrian izango du amaiera puntua. Zarautzek 1987an hartu zuen lehen aldiz Kilometroak festa antolatzeko lekukoa. Oraindik ere irribarrea ateratzen zaie antolaketan ibili zirenei egun hura oroitzean. Jasotako dirua Salbatore Mitxelena Ikastolaren eraikina doitzeko eta laguntza premia gorrian zeuden Iparraldeko ikastolak hornitzeko izan zen.

2004an jaso zuen bigarrenez lekukoa, Oriorekin. Han jasotakoari esker daukagu Oteitzako proiektua sendotuta.

Eta eredu honetako azken lekukoa berriz ere Zarautzera dator. Hainbeste oroitzapen on ekartzen dizkiguten ikastolen festei ginga jartzea dagokigu.

Auzolanari esker izan dira posible festa hauek, nola bestela. Ginga 2019ko urriko lehen igandean jarriko badugu ere, aurretik lan handia daukagu egiteko, eta denok jar dezakegu gure aletxoa euskararen aldeko azken festa handi hau ahaztezina izan dadin. Irailean jarriko dira lantaldeak martxan: feminismoa, ekonomia, osasuna, zirkuitua, muntaketa, komunikazioa, txosnak, giza baliabideak, protokoloa… antolaketa eredua parte hartzailea da, eta noiz eta parte hartzaile gehiago izan festa osoagoa, koloretsuagoa eta bikainagoa izango da.

Animatu eta parte hartu! Guztion artean zikloa borobiltzea lortuko dugu!".

Izen-ematea lan-taldeetan

2019ko Kilometroak antolatzeko, honako hauek izango dira osatu beharreko lan-taldeak:

  • Komunikazioa
  • Ikuskizunak
  • Ekonomia
  • Osasuna
  • Giza baliabideak
  • Jasangarritasuna eta garbitasuna
  • Zirkuitua
  • Trafikoa/Segurtasuna
  • Arropa
  • Muntaketa
  • Txosnak
  • Feminismoa
  • Prebentzioa
  • Erronka
  • Protokoloa

Esteka honetan azaldu dute zein izango den lan-talde bakoitzaren eginkizuna. Hauetan parte hartzeko izena emateko, bi aukera izango dira: Ikastolako idazkaritza bulegora jotzea edo Ikastolako webguneko Kilometroak 2019 atalean eskuragarri dagoen galdetegiko datuak bete eta bidaltzea.

Bestalde, zalantzarik izanez gero, Nerea Altxu Kilometroak 2019ko koordinatzailearekin harremanetan jartzeko aukera eman dute; naltxu@zarauzkoikastola.net helbidera mezu bat bidaliz, 688 677 847 telefono zenbakira deituz edo Ikastolako liburutegian kokatu duten Kilometroak 2019ko bulegora joaz.