Mintzalagun programan izena eman dezakete herritarrek

Karkara 2018ko ira. 27a, 10:37
Iaz Mintzalagun programaren aurkezpena Orion. (Maria Maya Manterola)

Mintzalagun programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da. Duela hamar urte jarri zuten abian Urola Kostan, eta geroztik, hamaika lagun aritu da mintza-praktikan; gaur egun, 6.000 lagun inguruk hartzen dute parte Euskal Herri osoan.

Ekimeneko arduradunek azaldu dutenez, "badira euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez dutelako, euskara ikasten ari direlako edota jariotasuna galdu dutelako". Pertsona horiek txikitatik euskaraz hitz egiten dutenekin eta euskaraz bizi direnekin elkartu nahi ditu Mintzalagun programak astean behin, ordubetez, talde txikitan banatuta. "Modu horretan, lotsa galtzen du euskara praktikatu nahi duenak, eta euskaraz egiteko ohitura sortzen da".

Parte hartzeko

Mintzalagun programan parte hartu  nahi duten herritarrek eskualdeko euskaltegietan edo 625 48 52 15 telefono  zenbakira deituta eman dezakete izena.