El Mouaziz eta Merino nagusi Euskal Kosta Krosean

kudeatzailea 2018ko ira. 29a, 20:22
Euskal Kosta Kroseko sari banaketa.

Iazko denborak hobetu egin dituzte bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan; lasterketa bizia izan denaren seinale.

Iaz bigarren egin izanaren arantza atera du gaur Abdelhadi El Mouaziz korrikalariak, II. Euskal Kosta Krosa irabazita Zarautzen, 01:02:45 denborarekin. Iaz Zumaian El Hassan Oubaddi nagusitu zen, eta bigarren egin zuen El Mouazizek. Gaur, tokiak trukatu dituzte. Hirugarren Chakib Lachgar helmugaratu da.

Emakumezkoetan, iazko irabazlea gailendu da gaur ere: Aroa Merino (01:12:50). Aise nagusitu zaio Aicha Bani bigarrenari, eta Maite Arraiza, berriz, hirugarrena izan da.

Iazko denborak hobetu egin dituzte bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan; lasterketa bizia izan denaren seinale.

17:00etan abiatu dira 400 korrikalari malekoitik, 21 kilometro egiteko prest. Getariarantz hartu dute kostako errepidea, eta Zumaiaraino jarraitu. Han herri barruan buelta egin, eta berriro Getariatik Zarautzera egin dute. Hemen ere herriaren bihotzeraino sartu dira, eta Lege Zaharren enparantzan amaitu dute maratoi erdia.