Irudietan: Pentsio duinen aldeko aldarria Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 1a, 13:02

Pentsionisten mugimenduak deituta, mobilizazioa egin dute Zarautzen, 12:00etan Lege Zaharren enparantzatik abiatuta. Pentsio duinen aldeko aldarriaz gain, "adineko pertsonentzako laguntza eta dependentzia egoeran dagoen jendearentzat Zaintza Sistema Publikoa eta anitza" eskatu dituzte. Hona hemen mobilizazioa irudietan.

Duela bi aste eman zion hasiera ikasturte berriari Zarauzko pentsionisten mugimenduak; iaz bezala, astelehenero mobilizazioak egiteari ekin diote. Gaur, urriak 1, Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna da, eta 12:00etan Lege Zaharren enparantzatik abiatuta, mobilizazio jendetsua burutu dute alde zaharreko kaleetan zehar. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsionisten mugimendu eta plataformek adostutako komunikatu bat irakurri dute amaieran.

Pentsio duinen aldeko aldarriaz gain, "adineko pertsonentzako laguntza eta dependentzia egoeran dagoen jendearentzat Zaintza Sistema Publikoa eta anitza" eskatu dituzte. Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei "pentsio duinak bideratzea eta Menpekotasuna eta Zerbitzu Sozialak hobetzea" exijitu diete. Bestalde, mobilizatzera animatu dituzte estatuko pentsiodun guztiak, eta orokorrean, "gizartea osoa", "gure aldarrikapenak lortu arte".

Datorren larunbatean, urriak 6, Gipuzkoa mailako mobilizazioa izango da Donostian, 17:30ean Alderdi Ederren. Bertaratzeko deia egin dute Zarautzen ere.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsionisten plataforma eta mugimenduen komunikatua

Hona hemen gaurko mobilizazioa amaitzean irakurri duten komunikatua osorik:

"Gaur Nagusien Nazioarteko Eguna da. Pertsona asko sano gaude, beste batzuk ahulago, eta beste askok dependentzi egoeran bizi direnak atentzio berezia eta aldi bateko edo etengabeko zaintza behar dute.

Noiz behinka, azken bi edo hiru hamarkadetan, OCDEri, NDFri (Nazioarteko Diru Funtsari) edo BBVAren ikerketarako fundazioari jarraituz, komunikabideek haien esanak aireratuz, Pentsioen eta Zerbitzu Publikoen “kostua”, ospitaleen edo erresidentzia eta abar, garestiegia dela eta ezin dela jasan diote. Horren aurrean, beraien betiko proposamena: murrizketak eta murrizketak.

Azken urteetako erreformek (2011 eta 2013), biak ere iraunkortasunaren izenean eginak, gaurko eta etorkizuneko pentsioak kaltetu zituzten, bai pentsioak lortzeko baldintzetan eta baita ordainsarietan ere. Bizi osoko kotizazio handiekin asko kostatutako pentsioak.

PPk dependentzia Legea hustu eta baliogabetu zuen, “Medikamentazoa” deitutako Dekretua ezarri zuen, zeinak 426 sendagai Gizarte Segurantzatik kanpo atera zituen. Gaur egun, sendagai horien %100 ordaindu behar da. Nahiz eta iragarri duten baliogabetuko dutela “Copago” deitutako Dekretua ere, indarrean jarri zuten. Ikusiko dugu baliogabetze hori zertan geratuko den, zeren oraindik aztertzeko goizegi da. Guzti honek bizitzaren azken unean gauden askorentzat, pobrezia arriskua handitzea ekarri digu.

Denok dakigu eta adinekook, hobeto, argindarraren premia norainokoa den eta bere gabezia zein ondorio lazgarri dakarren gizarte zati handi batentzat, bereziki nagusientzat.

Etxebizitzetako %11k, neguan, ezin du 18oko tenperatura lortu.
Biztanleriaren %21a, pobrezia-energetiko pean bizi da, bereziki langabetuak, nagusiak, pentsiodunak... Nagusiok, zahartzaro duina izateko, zera exijitzen dugu:

  • Gizarte Asegurantza barruan sartzen den Pentsioen Sistema Publikoaren alde.
  • Europar Gutun Sozialaren aholkuei jarraituz, gutxienez 1080 euroko pentsioa genero bereizkeriarik gabe.
  • KPIa errealaren araberako igoera, legez bermatu.
  • 1.200 euroko gutxiengo soldata.
  • Jasangarritasun Faktorea baliogabetu.
  • Genero arrakalarik ez. Hego Euskal Herriko emakumeek, batez bete %41 gutxiago kobratzen dute, gizonek baino.
  • Aurretiko jubilazioari, zigorrik ez.
  • Ez dugu ontzat ematen Pentsioen Sistema Publikoa deuseztatzea eta laguntza sistema batean bihurtzea.

Gaur, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, pentsio duinaz gain, adineko pertsonentzako laguntza eta dependentzia egoeran dagoen jendearentzat Zaintza Sistema Publikoa eta anitza eskatzen dugu. Atentzio publikoa diogu, zeren askotan, zaintza lan hauek familia edo emakumeen ardurapean geratzen dira.

Ez dugu aitzakiarik onartzen. Aberastasuna badago. Espainiar Estatuak, pentsiotan 4 punto gutxiago gastatzen ditu inguruko europar estatuekin alderatuz . Horrek suposatzen du 46.000 milioioi euro urteko. Arazoa da, aberastasun hori, oso txarto banatuta dagoela, eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala, etengabe handitzen doala. Bankuak erreskatatzeko dirua badago, obra publiko handi-mandiak, zeintzuetan askotan, dirua xahutzen den naturan erreparatu ere egin gabe, aurrera ateratzen dira. Badakigu zergak saihesteko paradisu asko dagoela, eta enpresa handiek zergetan diru gutxi jartzen dutela, proportzioan langile arruntek baino askoz gutxiago eta hori gutxi balitz, krisi garaian ekarpena, are gehiago jaitsi dute.

Hau guztia dela eta, hemen bildu garen Araba,Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen Plataforma eta Mugimenduetako ordezkariek, Madrileko, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei exijitzen diegu Sistema Publiko baten barruan, pentsio duinak bideratzea, Menpekotasuna eta Zerbitzu Sozialak hobetzea eta Estatuko pentsiodun eta gizarte osoari mobilizatzera animatzen ditugu, gure aldarrikapenak lortu arte.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsionisten plataforma eta mugimenduak

Gasteizen, 2018ko irailaren 20an".