Zarauzko moto zaharrak plazara

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 3a, 09:30
Irudikoa da Iker Itxasoren Derlan moto gogokoena. Sanz Enean dago ikusgai. (Onintza Lete Arrieta)

Bi urtez aritu da Iker Itxaso zarauztarra herrian ekoitzitako Derlan motoak aurkitu eta horiek konpontzen eta edertzen. Azaroaren 4ra arte, erakusgai jarri ditu horietako asko Sanz Enean.

Sentimenduek gidatutako erakusketa da Iker Itxaso zarauztarrak Sanz Enean jarri berri duena. Izan ere, erakusketa aretoko atea zabaldu, eta erdi-erdian ikusgai jarri duen Derlan motoa ez da edozein: dituen guztietatik kutunena da. Horregatik jarri du erdigunean; eta horregatik ez du berriz margotu. Horretaz gain, kazetariei eskaera zehatza egin die: erakusketako gelarik handienaren irudiak ez zabaltzeko. Arrazoia? Bertaratzen direnei ezustekoa eman nahi dielako. 

Eta, sentimenduekin jarraituz, beste xehetasun bat: asteartero bisita gidatuak eskainiko ditu Itxasok berak, euskaraz eta gaztelaniaz. Bisitariei azalduko die noiz sortu zen Zarauzko Basor lantegia, zenbat langile izan zituen, zenbat moto eta nolakoak egin zituzten han, eta nola ikusi ahal izan zuen tailerra barrutik hura eraitsi baino pixka bat lehenago, joan den urtean. Hain zuzen ere, tailerreko langile ohiekin batera izan zen bertan. Hori guztia nolabait jasota dago erakusketa aretoko hormetan argazki zahar, plano eta abarren bidez.

Kasualitatez bezala hasi zen Derlan motoen gaian sakontzen, orain bi urte: aurrena informazioa biltzen, argazki zaharrak ere bai, eta gero motoak bereganatzen eta horiek konpontzen eta berritzen. Laguntzaileak ere izan ditu, bereziki «aitona bezala» duen Juan Mari Uriarte donostiarra. Pozarren da egindako ikerketaren emaitza Sanz Enean erakusteko aukera duelako.

Herriko iraganaren zati bat

Nekane Iribar Kultura zinegotziak eman zuen erakusketari buruzko prentsaurrekoa. «Denok dakigu kulturan nolako garrantzia duen ondareak, baina normalean kultur ondareaz hitz egiten dugunean, eraikin historikoei buruz hitz egiten dugu, eta normalean ez diogu erreparatzen ondare industrialari». Zarautzen XX. mendean hainbat tailer izan zela gogorarazi zuen, gehienak egurgintzari lotutakoak. «Askok ez genekien Derlan motoak hemen egiten zirenik ere, eta horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Ikerri, egindako ikerketagatik eta gure iraganaren zati bat erakusketa honetara ekartzeagatik».

Erlazionatuak

Irudietan: Derlan motorrak

Zarauzko Hitza 2018 urt 26 Zarautz