Ilusio zaharrak eta berriak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 4a, 10:00
Ezkerretik eskuinera, Beker Algaba, Sara Martinez eta Xabier Ruiz Xato. (Amaia Urbieta Arruti)

Aurten 75. urteurrena ospatuko du Zarauzko Kirol Elkarteak, harekin batera, baita Hondartzako Futbol Txapelketak ere. Igandean izango da lehen jardunaldia, eta belaunaldi ezberdinetako jokalariak ariko dira lehian.

Kirola egiteko zapatilei plaierak esaten zaie zenbait lekutan. Zarautzen, ironikoki, tradizioak agintzen du plaierak kendu egin behar direla plaieroak jokatzeko. Duela 34 urte jaitsi ziren lehen aldiz oinutsik hondarretara Txanela taldeko kideak. Artean, haurrak ziren Beker Algaba (Zarautz, 1976) eta Xabier Ruiz Xato (Zarautz, 1975), baina duela hamabi urte hartu zuten kide zaharragoen lekukoa, eta aurreko urtean etenaldia egin bazuten ere, aurten berriro izango dira hondartzako futbol txapelketan.

Sara Martinezi, aldiz, hamasei urte falta zitzaizkion amaren sabeletik ateratzeko Txanelaren debuteko urte hartan. Martinezek (Zarautz, 2000) iaz jokatu zuen aurrenekoz plaieroetan, Lukas Ardotegia taldearekin. «Nesken liga galtzeko zorian zegoela zabaldu zen herrian, eta horregatik hasi ginen». Badituzte taldean futbolean arituak eta adituak, eta sekula entrenamendu seriorik egin ez duten arren, denboraldia hasteko gogotsu daude aurten ere.

Ez zen halako jende faltarik Txanela taldearen estreinako urtean. «Plaieroak orduan zeuden beren garairik gorenean», azaldu du Algabak. Duela urte batzuk, ordea, beherakada nabarmena igarri zuten bi beteranoek. Adibide garbiena beren taldea: iazko denboraldian ez zuten lortu taldea osatzeko nahikoa jokalari biltzea. «Kostata», aurten fitxaketak egitea lortu dute berriro  txapelketan parte hartzeko.

Lehiatik harago

Martinezentzat dibertsio hutsa da hondartzako txapelketan jokatzea. Futbolaz inoiz ez bezala gozatzen du. «Txikitan guztiok aritu ginen plaieroetan, baina orain desberdina da, giro polita sortzen da, eta galduta ere poz-pozik joaten gara partidaren ostean Lukasera, merezitako pintxoa jatera».
Ruizek, aldiz, beti jolastu izan du futbolean. 35 urterekin hartu zuen futboletik erretiroa, eta orduan asetu ahal izan zuen hondartzako txapelketan jokatzeko zeukan grina. Umea zenetik ez zuen plaierorik jolastu, eta «engantxatuta» ibili da azken urteotan. Batzuetan sesioak izaten dituzten arren, txapelketako giro ona azpimarratu du berak ere.

Eztabaidak ohikoak izan ohi direla azaldu du Martinezek, baina bere jarrera baketsua da. Beren lehen helburua ez da irabaztea. Hala ere, futbol partidan gogor ahalegintzen dira, dena emanaz. Batzuetan, ondoko zelaian mutilak ari badira jokatzen, oihuak eta madarikazioak entzuten ditu, eta horrek atentzio handia eman ohi dio.

Epaile falta

Hori horrela dela onartzen dute Txanelako futbolariek. Orain, hondartzako futbol txapelketan epaile falta handia dago, eta horrek sortzen diren sestrekin zerikusia duela uste dute. Konponbide gisa, federaziotik epaile gazteak ekartzeko aukera azaldu dute antolatzaileek. «Hori, ordea, betikoa da. Beti esan ohi dugu ondo tratatu behar ditugula epaileak, baina momentuan, beti erortzen gara...». Orain arte, hondartzako futbol txapelketaren epaileak berak izan dira, haiek adinean gora egin eta askok erretiroa hartuko dute. Algabak eskertzen die orain arte jarraitzeko izan duten prestutasuna: «Epaileak falta zirenean, taldeko norbaitek joan behar izaten zuen, eta orduan komeriak izaten genituen».

Emaitzei dagokienean, orain dela hamabi urte izan zuen Txanelak bere urrezko urtea. Ligako txapelduna izan zen. Hurrengo urteetan, ordea, apurka-apurka emaitza xumeagoak lortzen joan dira: segidako urtean finalera iritsi ziren, segidakoan finalerdietara, gero kopara... «Gure adinak gora egin ahala gorabeheratsuago ibili gara, eta taldea osatzea ere kostatu egin izan zaigu». Lukas ardotegia taldeak, berriz, ez dauka halako ibilbide luzerik. Iaz Kopako finalerdietara iritsi eta hirugarren egin zuten Kopan.

Aurten, gizonezkoen hamabost taldek eman dute izena txapelketarako, eta emakumezkoen zortzi taldek. Gora egin du parte hartzeak, eta jokalariek uste dute 75. edizioak jendea erakarri duela. «Batek baino gehiagok pentsatuko zuen urte historiko honetan ez parte hartzea pena litzatekeela», adierazi du Algabak.

Hondartzako futbolaren aurreko sasoiaren amaieran, antolatzaileek lekukoa behar zutela eta txapelketa arriskuan zegoenaren zurrumurrua zabaldu zen. Hiru jokalariek garbi daukate hori herriarentzat «izugarrizko kolpea» izango litzatekeela. Algabarentzat eta Ruizentzat, kirolarekin izandako lehen harremana dira plaieroak. «Eskolatik hondartzara joaten ginen jolastera, eta plaieroez gain ez zegoen kirola egiteko aukera askorik. Desagertuko balira, gaurko umeek izango lukete aukera nahi duten kirola egiteko, baina hala ere, galera handia izango litzateke herriarentzat». Algabak adierazi du, horrelako txapelketarik ez dela egiten beste inon. Ez behintzat, halako historia duenik.

Gaur egun, bi lagunen artean antolatzen dute hondartzako futbol txapelketa guztia, eta lekukoa hartzeko pare bat lagun nahikoa direla dioten arren, Ruizek uste du haien esperientzia kontuan hartzeko ezaugarria dela. «Ez litzateke jende asko beharko, baina gaur egun nor dago prest horrelako ardura bat musu truk hartzeko?». Martinezek ere pena izugarria hartuko luke txapelketa antolatzeari utziko baliote. Dastatzen hasi berri den gozokia ahotik kentzearen modukoa izango litzateke harentzat, denboraldi bakarra egin baitu plaieroetan jokatzen. «Aurreko urtean probatzeko eman genuen izena txapelketan, baina aurten bestelako asmoekin joango gara hondartzara: lehiatzera».

Duela urte batzuk, hondartzako txapelketa «profesionalagoa» zen, Algabaren arabera. Apurka-apurka, ordea, izena geroz eta talde gutxiagok eman du, eta jendearen interes faltaren ondorioz, orokorrean denak behera egin du. Lekuko faltaren harira, diru truke edo posible den moduan antolakuntzak aurrera egingo balu ere, jendearen grinik gabe jarraitzea ezinezkoa dela azaldu du Txanela taldeko kideak. «Orain dirutza inbertituko balitz, eta puntako materiala, prestakuntza eta antolamendua lortuta ere, jendea ez badago prest jokatzeko, txapelketak ezinezkoa luke aurrera egitea».

Plaieroen antolakuntzaren jarraikortasuna kolokan egonda ere, 75. urteurreneko ospakizunek izango dute beren lekua aurtengo denboraldian. Martxoan, aldi berean 75 partida jokatzen ahaleginduko dira hondartzan; duela 25 urte 50 partidarekin egin zuten gisan. Zarauzko Kirol Elkarteak dauka, 1993az geroztik, hondartza batean aldi berean jende gehien futbolean jardutearen Guiness errekorra.

Igande goizetako partidak

Martinezek onartu du gaupasa  eginda joan izan dela igande goizean partida jokatzera. Baina  egoera «berezian» egonda ere, askotan, gaupasaren ondoren, hobeto jokatu izan duela azaldu du. «Behin, atetik aterako gola ere sartu nuen».

Ruizek dio gaur egun ezingo lukeela parranda handiegia eginda joan futbolera. Are gehiago, jada gaupasa egiteko ez dela gai onartu du. «Ostiral batean afaria izanez gero, igandean igarri egiten dut».
Algabak gogoan ditu beren taldeko «gaupasero klasikoak». Martinezen gisan, bazituzten parranda handiaren ostean izugarri ondo jokatzen zuten jokalariak, eta zenbaiten kasuan, parrandarik egin gabe joandakoan, ezin izaten omen zuten maila bera eman. «Ez dakigu, baina, agian, dopin kasuren bat egongo zen tartean...».

Denboraldi berria hasteko gogoz daude hondartzako futboleko hiru jokalariak. Hondartzara plaieroen sasoi berriarekin gozatzera joango direla diote.