Elkartasun Eguna antolatu dute larunbaterako, ‘Orain Presoak’ lelopean

Dorleta Agiriano Lai 2018ko urr. 4a, 09:30
Orain presoak kanpainako pankarta, Euskal Jai Egunean. (Zarauzko Sare)

Prest daukate dagoeneko egun osoko egitaraua, eta bat egingo dute urriaren 20an Donostian izango den 'Orain Presoak' manifestazioarekin.

Orain Presoak lelo hartuta Elkartasun Eguna antolatu dute Zarautzen, aurrenekoz. Larunbat honetan izango da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute aldarria jai giroan plazaratzeko asmoarekin. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde jarduten duen Sare mugimenduak, Orain Presoak lelopean urriaren 20an manifestaziora deitu du Donostian. Zarauzko Elkartasun Egunean ere manifestaziora joateko deialdia egingo dute, dinamikarekin bat eginez.

Egun osoko aldarria

Larunbatean, 10:00etan joaldunekin hasiko dute Elkartasun Eguna, herriko kaleetan. Ondoren, herri kirol lehia jokatuko da Musika Plazan. Azken Portukoen eta Iñurritzakoen artean izango da norgehiagoka, 11:00etan. Lasto jasotzea, ingudea, trontza eta lokotx biltzea egingo dituzte, besteak beste. 13:00etan, Musika Plazan argazki jendetsua aterako dute Donostiako manifestaziorako deia egiteko. Jarraian, triki-bertso poteoa izango da herriko tabernetan, Musika Plazatik abiatuta. Egoitz Eizagirre eta Imanol Linazasoro Habana arituko dira bertsotan, eta trikitixarekin beldarraindarrak izango dira. Herri bazkaria ere egingo dute plazan, 14:00etan. Txartelak ohiko lekuetan jarri dituzte salgai, 12 eurotan. 16:00etan kantaldia izango da, Andoni Ollokiegirekin. San Pelaio festetan ere bertan izan zen kantautorea, presoen aldeko herri bazkaria girotzen.


'Orain Presoak', Donostian

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde jarduten duen Sare mugimenduak manifestazio nazionala deitu du urrirako, Donostian. Orain Presoak lelo hartuta, urriaren 20an izango da mobilizazio hori, 17:00etan Antiguoko tuneletik abiatuta.

Sarek ekainaren 2an aurkeztu zuen dinamika, Bilboko Elkarbizitzaren plazan. Bertan, «konponbiderako, bizikidetzarako eta bakerako unea» dela adierazi zuten gizarte zibileko hainbat ordezkari ezagunek, «hainbeste sufrimendu eragin duen ziklo luzea bukatzeko aukera iritsi da». Horretarako, «funtsezkotzat» jo zuten gaur egungo espetxe politikan aldaketak ematea. Deialdiarekin bat egiten duten sinatzaileen zerrenda zabala ere argitaratu zuten.