Surf txapelketa herrikoia jokatuko da asteburuan

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 4a, 16:46
Aurreko urteko memorialeko une bat.

Ibon Imazen omenezko 23. txapelketa izango da aurtengoa. Larunbatean hasiko dira lehiatzen kategoria baxuenekoak, eta igandean izango dira finalak.

Bihar abiatuko da Ibon Imazen oroimenezko 23. surf txapelketa herrikoia. Zarauzko Surf Elkarteak antolatuta, hainbat herritarrek hartuko du parte kirol honek eskaintzen dituen modalitate ezberdinetan banatuta. Bihar, 08:00etan izango da check-ina, eta egun horretarako olatu txikiagoak iragarrita daudenez, lehian kategoria baxuenekoak hasiko direla aurreikusten dute.  Ondorengo modalitateetan lehiatuko dira parte hartzaileak: beteranoak, alternatiboak, kimuak, zutikako arraun surfa, gazte mutilak, gazte neskak, oholkotea (longboard), bodyboarda, gizonezkoen irekia eta emakumezkoen irekia. Bodyboard modalitatea lehen aldiz txertatu dute Zarauzko txapelketa herrikoian.

Surfaz gozatzeko jardunaldia izango da biharkoa, eta amaitzeko, Shelter tabernaren eta Eroskiren eskutik mokadutxoa jateko aukera izango du nahi duenak, 20:00etatik aurrera, Surf Elkartearen egoitza aurrean. Horrez gain, film proiekzioa ere izango da. Iganderako olatu handiagoak iragarri dituztenez, kategoria handiagokoen lehiak eta finalak izango dira egun horretan. Asteburuan zehar, skate txapelketa ere egingo dute, baina oraindik zehaztu gabe dute noiz izango den hori.

Horrez gain, Gipuzkoako Surf Federazioak Zarautz Pro Surf txapelketarako bi wild car emango dizkie asteburuko irabazleei. Alegia, Ibon Imazen oroimenezkoa irabazten dutenek, aukera izango dute 2019ko World Qualifying Series mailako Zarauzko txapelketan parte hartzeko.
Shelter eta Maxi Eroskiren laguntzaz gain, Gesalaga, Katixa eta Argiñano enpresek ere lagunduko diete txapelketako antolatzaileei katering lanetan.

Surfean gertatu ohi den bezala, txapelketa hasi baino ordu gutxi lehenagora arte ezingo ezingo dute esan antolatzaileek txanda bakoitzean zein kategoria ariko den. Dena den, gaur 13:30ak arte egongo da zabalik txapelketan izena emateko epea, eta Zarauzko Surf Elkarteak adierazi duenez, ordutegi guztiak zehaztuta izango dituzte iluntzerako. Sare sozialen bidez jakinaraziko dituzte.