Instrumentuen 'ulu' indartsuena

Onintza Lete Arrieta 2018ko urr. 4a, 17:51
Ezkerretik eskuinera, Ander Ederra (gitarra), David Gorospe (bateria) eta Joanes Ederra (baxua) zarauztarrak. (Laura Miner)

Hirugarren diskoa kaleratu du Buffalo talde zarauztarrak. Mahai analogikoa erabili dute grabatzeko, eta zuzenekoak eskaintzen ari dira. Hurrengo hitzordua Zumaian dute, hilaren 12an.

Bati burura etorriko zaio film sakon bateko soinu banda; beste bati, taberna cool-etan entzuten den atzeko musika hori; beste bati, auskalo. Buffalo da, egiten duten musika etiketatzea batere gustuko ez duen Zarauzko taldea, eta hirugarren diskoa atera berri du: Ulu. 

Ez dute etiketarik nahi, eta kantuei izenak jartzeko ere, lanak izaten dituzte; talde instrumentala izaki, ez baita erraza hitz batez deskribatzea sortzen dutena. Dena den, «ez diogu buelta handirik eman izenei, diskoaren izenburua daraman Ulu-ri izan ezik. Hori bai, pentsatutakoa izan da», azaldu du Ander Ederra taldeko gitarristak. Diskoko aurreneko abestia da, eta «osoena». Beraiek ez, baina gainerakoek post rock instrumentaltzat dute Buffalo, jazz ukituekin. Eta diskoan halako batasun bat lortu dutela uste du Ederrak. «Pare bat kantu apur bat desberdinak direla esango nuke, baina oro har ildo bera dute diskoko abestiek».
Modu berezian grabatu dute lana. Batetik, instrumentu guztiak (gitarra, bateria eta baxua) batera grabatu dituztelako zati batzuetan izan ezik. «Gure musikak asko jolasten du dinamikarekin, eta oso ohituta gaude elkarrekin jotzera, eta uste dut gure kasuan ondoen horrela transmititzen dela», iritzi dio Ederrak. Bestetik, grabazio mahai analogikoa erabili dute (1979an diseinatutako Solid State Logic 4000E). Mahai analogikoak «bere xarma dauka, soinu zikinagoa daukalako, eta interesgarria zen hori guretzat». Emaitzarekin, behintzat, oso gustura gelditu dira.

 

Zuzenekoekin buru-belarri

Diskoa plazaratu berritan eman zuten lehen kontzertua, irailaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian: «Tokia sekulakoa da, eta soinu aldetik ere kalitate handikoa. Oso gustura gelditu ginen kontzertuarekin». Handik bost egunera Madrilgo areto batean jo zuten, eta datorren asteetarako ere lotuta dute agenda: esaterako, urriaren 12an Zumaian emango dute kontzertua, 22:00etan kofradia aurrean, Itsasotik Herrira egitasmoaren barruan. Urriaren 21ean, berriz, Elgoibarren dute kontzertua, Sotoan, 19:00etan.

Musika jo, eta musika entzun. Biak egiten dituzte elkarrekin Ander eta Joanes Ederra anaiek eta David Gorospek. Esaterako, datorren astean Kutxa Kultur Klubean ariko den Delvon Lamarr Organ Trio entzutera joango dira.

Hamar urteko ibilbidea du Buffalok, eta hasieratik hona nabaritu dute bilakaera estiloari dagokionez. «Konposatzeko modua aldatu egin da: lehen lokalean gehiago elkartzen ginen, eta orain etxean konposatu eta han errematatzen dugu. Horregatik, lehen estiloa nahasiagoa zen, eta orain definituagoa». Etiketarik ez jarri, ordea, egiten dutenari.

Diskoa

Taldea. Buffalo.
Diskoaren izenburua. Ulu.
Abestiak. Ulu, Meteore, 1981, Summer Son, Basoko Soinuak, Guillotine eta Balea.
Grabaketa. Azpeitiko 2Noisy estudioan, Iosu Gonzalezekin.
Formatua. CD, LP eta plataforma digitalak.
Taldekideak. Ander Ederra (gitarra), David Gorospe (bateria) eta Joanes Ederra (baxua).
Entzungai. Spotify, Bandcamp eta Youtuben.