Atzegik abian jarri du 'Gure txanda da' kanpaina

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 5a, 11:43

Aurreko urteko kanpainari buelta eman, eta boluntarioekin jarduten diren elkarteei Atzegirekin lan egiteko deia egin diete.

Boluntariotza aukera berriak lortzea du helburu Atzegiren aurtengo kanpainak. Urriaren 9an egingo dute ekitaldi nagusia, Donostiako Antzoki Zaharrean. 'Gure txanda' lelopean antolatu dute kanpaina, bi helburu nagusi dauzka: Adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea, eta boluntario izateko aukera berriak sortzea.

Atzegi elkartekoek boluntario lanetan aritzeko prest dagoen jendea hurbiltzen zaiela baieztatu dute. Asko boluntariotzan aritu izan dira puntualki eta errepikatzeko asmoa daukate, edo beste zeregin egonkorrago bat bilatu. Hainbat erakunderekin lan egin izan dute azken urteetan: Elikagaien Bankua, Lilatoia, Ehunmilak, San Silvestre ezberdinak... Kolaborazio horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntariotza esparruak zabaldu nahi dituzte, aukera hori pertsona gehiagori eskaini ahal izateko.

Aurreko urteko kanpainak Atzegitik kanpoko jendea elkartearekin boluntariotzan aritzeko bultzatzen zuen, eta aurtengoan, buelta eman diete kanpainari. Alegia, boluntarioak behar dituzten egitasmoak antolatzen dituzten elkareei dei egiten diete, adimen desgaitasuna duten pertsonekin lan egtiera. Hortik, 'Gure txanda da' leloa. Antolatzaileek adierazi dutenez, "jasotako laguntza hori bueltatzeko aukera" bilatzen dute.

Boluntariotza "inklusio modu bat gehiago" dela uste dute Atzegikoek. "Zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezakete, eta besteei lagundu ahal izate horrek bultzada handia ematen die".

 

Boluntarioekin lan egiten duten erakundeei deialdia

Kanpaina berriaren harira, deialdia egin diete boluntarioekin jarduten duten ekimenei, Atzegirekin lan egiteko. "Orain arte izan ditugun esperientziak oso positiboak izan dira bi aldeentzat".

Xabier Txurruka alkateak, eskerrak eman dizkio elkarteari, eta edozein egitasmo aurrera ateratzeko udalaren laguntza izango dutela baieztatu die.