Irudietan: Omenaldia ZKE Halterofilian 50 urte daramatzatenei

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 8a, 10:10

Larunbatean halterofiliako Liga Nazionaleko 5. jardunaldia jokatu zen Aritzbatalden, zarauztarrek antolatuta. Eta, bide batez, omendu egin zituzten Ricardo Oiarzabal, Enrike Kortajarena eta Juan Mendizabal; orain 50 urte halterofilia saila sortu zenetik bertan dabiltza.

50 urtez Zarautz altxatzen leloa aukeratu dute ZKE Halterofiliaren 50. urteurrenerako, eta larunbatean hiru kide omendu ere egin zituzten, Aritzbatalden Liga Nazionaleko 5. jardunaldia jokatzen ari zirela aprobetxatuta: Enrike Kortajarena eta Juan Mendizabal entrenatzaileak eta Ricardo Oiarzabal epailea. 50 urte daramatzate halterofiliari lotuta.

Agurra dantzatu zieten Ainhoa Kortajarenak eta Enara Mendizabalek, eta txapela ere jaso zuten. Omenaldian parte hartu zuten ZKEren egungo eta aurreko lehendakari Esteban Collantesek eta Juan Mari Arrizabalagak.

Zarauztarrak, Kopako finaletik kanpo

Larunbateko jardunaldia Errege eta Erreginaren Kopako finalera sailkatzeko play-off -a zen, eta zarauztarrek ez zuten lortu finalerako txartelik oraingoan. Izan ere, "ezbehar baten ondorioz, bost kirolariren puntuaketa bakarrik izan zuten" ZKEkoek.

Aurreko bi urteetan finalean izan ziren zarauztarrak, baina aurten lau jardunaldiren ostean 16. postuan ziren, eta larunbateko jardunaldiaren ondoren ere, ez zuten lortu aurreneko 12 postuetan sailkatzerik.

Bestalde, etxean jokatutako antolakuntzagatik "zoriondu" egin zituzten zarauztarrak. Hiru talde lehiatu ziren Aritzbatalden: Helios (Zaragoza, Espainia), Queiron (Iruña) eta Zarautz. Guztira 18 kirolari aritu ziren, bi txandatan. Zarauzko taldean Borja Bravo, Danel Lopez eta Jaizki Mendizabal lehiatu ziren lehen txandan, eta bigarrenean, berriz, Aitor Gabirondo, Ibon Eguzkiza eta Jon Mendizabal. Entrenatzaile lanetan Enrike Kortajarena eta Juan Mendizabal aritu ziren.