Eskaini ahal izateko, eskatzen

Unai Zubeldia-'Gipuzkoako Hitza' 2018ko urr. 9a, 16:59
Juanma Alvarez eta Ainhoa Agirre, 'Peru eta otsoa' laneko pasarte batean (Didau antzerki faktoria).

Hirugarren urtez, kultur proiektuak garatzeko deialdia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak: Meta egitasmoa. Goazen Antzerkira proiektuko kide da Ainhoa Agirre zarauztarra, eta Gipuzkoako Hitza harekin izan da, bere proiektuari buruz hitz egiteko.

Kalitatea eta proiektua gauzatzeko baliabideak” oinarri hartuta, hamabost kultur proiektu berri hautatu ditu Meta egitasmoak, eta urriaren 27ra arte zabalik egongo da horiek diruz laguntzeko lehen fasea —proiektu bakoitzak zehaztutako gutxieneko kopurura iritsi beharko du aurrera egin ahal izateko—. Hirugarren urtez deialdi publikoa eginda, 46 proposamen jaso ditu aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, Goteo plataformarekin, finantzaketa kolektiboa lortzeko euskarriarekin, elkarlanean sustatuko ditu aurrera egin duten hamabost proiektuak. Bide horretan, aldundiak berdindu egingo du norbanakoek egindako 100 euro arteko ekarpen oro. Lehen bi urteetan 36 proiektu gauzatu dituzte Meta proiektuarekin.

Aurtengo hamabost proiektu horietako bat da Goazen Antzerkira. Haurren antzerkiaren munduan hogei urte inguruko esperientzia pilatuta, euren proiektua Gipuzkoako 1.500 biztanletik beherako herrietara eramateko erronka dauka Didau antzerki faktoriak, Peru eta Otsoa ikuskizunarekin —43-44 herri lirateke—. Txotxongiloa eta haurren antzerkia uztartuta, 2012ko abendura arte Sevillan (Espainia) garatu zuten euren proiektua Ainhoa Agirre zarauztarrak eta Juanma Alvarez cadiztarrak, Titirimundi konpainiarekin. “Antzerki talde handia zen hura, eta egitura txikiagokoa nahi genuen guk; txikitik hastea gustatzen zaigu”. Sevillatik bueltan, ia sei urte daramatzate Zarautzen, eta lau ikuskizun sortu dituzte tarte horretan. “Bi ertain-handi: Beldartxo jatuna eta Peru eta Otsoa; eta bi txikiago: Beldartxo jatuna mikroantzerkia eta Tumba, orro egiten besterik ez zekien lehoia“. Sortzeko prozesu nekaezin horretan, Frankenstein gorpuzten ari dira orain.

Erreportajea osorik irakurgai, Gipuzkoako Hitzan.

Erlazionatuak