Vista Alegren hasiko da 2018ko asfaltatze plana

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 12a, 09:30
Iaz Urkidi kalean egindako lanak. (Zarauzko udala)

Datorren astean hasiko dira asfaltatze lanak Vista Alegren. Guztira, 504.000 (BEZa barne) euroko kostua izango du proiektuak.

2018 urterako asfaltatze Plana datorren astean hasiko da Vista Alegre auzoan. Lanen kostua 504.000 (BEZa barne) izango da, eta bi hilabetean burutuko dituzte. Oinezkoen bideetan hasiko dira lanak egiten, eta ondoren, errepideak asfaltatuko dituzte.

Lehen fasean Txakolin plaza eta Vista Alegreko auzo elkarteko ingurua asfaltatuko dira, bi plaza hauek elkartzen dituzten bideekin batera; bigarren faseak Allemendi kalea 6 eta 3 bitarteko galtzada asfaltatzea aurreikusten du; hirugarren fasean Barandiaran kalea asfaltatuko da, Allemendi 3 zenbakitik Kurpil elkarte aurreraino, eta baita Aranzadi kalea ere; laugarren fasean Barandiaran kalea eta Allemendi kalea, Urkidiko biribilgunetik Aranzadi kaleko bidegurutzeraino; eta, azkenik, Allemendi 6 zenbakia eta Orkolaga plaza.

Iban San Martin Obra eta Zerbitzu zinegotziak azaldu du Asfaltatze Planak hilerriko bidean eta Mendilauta kalean izango duela jarraipena.

Markesina berriak

Vista Alegre auzoko espaloiak egokitzeko lanetan ari da Zarauzko udalaren brigada hiribusaren bi geltokitan markesina berriak jartzeko. Lehena Barandiaran eta Urkidi kaleak lotzen dituen biribilgunean jarriko dute eta, bigarrena, Sarakatua dorre parean.