Gorka Landaburu, indarkerien lekuko eta biktima

Enekoitz Esnaola/Berria 2018ko urr. 14a, 10:02
Gorka Landaburu Zarauzko malekoian, artxiboko irudian (Onintza Lete Arrieta)

2001ean kazetari zarauztarraren aurkako atentatua egin zuen ETAk. Ikusmena eta hatz batzuk galdu zituen biktimak, "baina mingaina ez". Indarkeria oro beti gaitzetsi duela dio. Aukera ikusten du aurrerabiderako. Berria-k bildu ditu hainbat lagunen bizipenak, bakea eta elkarbizitzari buruzko erreportaje zabal batean.

"Paristik Euskal Herrira 1972an itzuli nintzen, 20 urte nituela. Gure aita EAJren ideologo bat izan zen, eta Parisen ezagutu nituen Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manuel Irujo… Frantziako Errepublikaren balioak eta hezkuntza ere jaso genituen. Demokraziaren, tolerantziaren, bakearen eta errespetuaren balioak barneratu genituen".

"ETAren VI. asanbleakoa izan nintzen, 1972-1974an. Nire bi anaia lehenagoko ETAn egon ziren. Francoren aurka militatu genuen. Ez nuen indarkeriarik erabili, etxean horren kontrakoak izan garelako beti. Antifrankismoagatik sartu nintzen ETAn, eta borroka sozialengatik".

Hedabideetan

"Franco hil ostean, komunikazioaren munduan hasi nintzen, kazetari; ikusten eta pentsatzen nuena esaten eta idazten. 1980tik aurrera Radio France-ren Baionako berriemaile aritu nintzen, eta hamar albisteetatik zazpi izaten ziren indarkeriarekin lotutakoak: ETAren bi adarrenak, Triple A-rena, BVErena, GALena… Horiez hitz egiten nuen, garbi".

"ETAk 1983an mehatxatu egin gintuen anaia Ander eta biok. Gutun bat bidali zigun, erabiltzen genituen terminoak ez erabiltzeko eskatuz. ETArekin hitz egin genuen biok, Donibane Lohizunen, eta ETAk ohartarazi zigun ondorioak izan genitzakeela. Hurrengo astean, Triple A-ren eskutitz bat jaso genuen, esanez komunistak ginela, Tejerorekin sartzen ginela, Cambio 16-ko egoitza erreko zigutela, eta Ander, Josu eta hiru anaiok hilko gintuztela. Gu kazetariak gara, gauzak kontatzen ditugu, eta garbi dugu: giza eskubideen urraketa bat giza eskubideen urraketa bat da".

Irakurri erreportajea osorik.