Bakardadeari buruzko ikerketa egingo du udalak

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 17a, 12:54
IKEI enpresako eta udaleko ordezkariak, aurki martxan jarriko duten bakardadeari buruzko ikerketaren aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

Zarautzen "bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzea eta euren beharrak identifikatzea" izango da ikerketaren helburua. Informazio honen bidez, Gizarte Zerbitzuen saileko baliabideak egokitzen eta hobetzen ahaleginduko direla adierazi dute Miren Letamendia Osasun zinegotziak eta Maria Lopez IKEI enpresako kideak.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik martxan jarri duten ikerketaren berri eman dute gaur; bakardadeari buruzko ikerketa. Miren Letamendia Osasun zinegotziak azaldu duenez, "Adineko pertsona batzuek bizi duten bakardade egoera errealitate bat da, eta honi buruz informazio oso gutxi dugu". Beraz, ikerketa honen helburua "bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzea eta euren beharrak identifikatzea izango da; hori dena, haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz".

Lan hau egiteko, IKEI enpresa kontratatu du udalak. Aste honetan bertan abiatuko dute prozedura: Gizarte Zerbitzuen sailetik, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jarriko dira, gutun bidez ikerketaren berri emateko (erroldatutako 558 herritar zenbatu dituzte jada). Ondoren, IKEI enpresako inkestatzaileak izango dira ikerketan parte hartu nahi duten pertsonekin harremanetan jarriko direnak.

Letamendiaren arabera, "Gizarte Zerbitzuen sailetik, kolektibo honen egoera beharrak zeintzuk diren ezagutzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Ondoren, euren bizi-kalitatea hobetzeko gure esku dagoen guztia egiten ahaleginduko gara". Maria Lopez IKEI enpresako kideak azaldu duenez, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutuz, "kolektibo honi Gizarte Zerbitzuetako eskaintza eta baliabideak gerturatzen" saiatuko dira.

Ikerketaren metodologia inkesta bidezkoa izango da. 15 minutuko inkesta "erraz" bat erantzungo dute lagina osatuko duten pertsonek, telefono bidez edo aurrez aurre, inkestatzaileak inkestatuen etxeetara joateko aukera ere eman baitute. Bi hilabeteko epean burutuko dira galdeketak, eta Lopezen arabera, galdera "arinak" eta "erantzuteko errazak" izango dira. "Hiztegi erraza" erabili dutela azaldu du, "adineko pertsonek zailtasunik gabe ulertu dezaten".

Galdetegia betetzeko, gizarte langilez osatutako lan-talde propio bat dutela adierazi du Lopezek. "Honek lanaren kalitatea, segurtasuna eta isilpekotasuna bermatzen ditu". Behin landa-lana bukatzean, "Zarautzen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei buruzko informazio sakona" izango dutela uste du Lopezek; "beren egungo beharrak eta etorkizuneko beharrak ezagutuko ditugu". "Gizarte Zerbitzuen sailak bere baliabideak, eskaintza eta zerbitzuak bakarrik bizi diren pertsonen beharretara ere egokitzeko baliagarria izango da ikerketa hau".