Ibon Zugasti: "Adimen artifizialaren garapenak langabezia handia sor dezake"

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 24a, 13:47
Ibon Zugasti (@ibonzugasti)

Asteartean Zarautzen izan zen Ibon Zugasti (Tolosa, 1976) ZarautzOnek antolatutako hitzaldian. Prospektikerren aritzen da lanean, eta azken urteetan Millenium nazioarteko proiektuko ikerketa lanetan aritu da buru-belarri. Etorkizun hurbilean teknologiaren garapenak gizartean izango duen eragina izan zuen hizpide hitzaldian.

Zeintzuk dira Millenium ikerketaren helburuak?

Ni Prospektikerreko langilea naiz, eta 2010ean Milleniumekin bat egin genuen, izan ere, Europako hainbat estatu elkarlanean ari ziren jadanik, baina Espainian ez zegoen ikerketa horretaz arduratzen zen inor. Guk Prospektikerretik koordinatzen dugu Millenium proiektuaren nodoa, Espainian. Alegia, ikerketak garatzen dituen atal desberdinak Espainian aplikatzen ditugu, ikerketa horren testuinguruan sortu diren ondorioak aztertzeko eta ikusteko zeintzuk izan daitezkeen eraginak Euskal Autonomia Erkidegoan. Azterketa honen bidez, azken hamarkadetan emandako teknologiaren garapena ikertu dugu, eta ikusi dugu eskulanaren murrizketa garrantzitsu bat egon daitekeela hurrengo urteetan.

Zeintzuk dira ikerketan atera dituzuen ondorio nagusiak?

Munduko txoko ezberdinetako adituak ados daude; langabezia arriskua hor dago. Aurreko iraultza industrialetan ere teknologia garapenak langileentzat mehatxu bat suposatu zezakeela pentsatu izan da, baina orain arte beti sortu dira lanpostu gehiago suntsitu direnak baino.

Orain, ordea, teknologia aldaketa bizkortzen ari da, eta teknologia konkretu batzuek mehatxu berezi bat suposatu dezakete. Batez ere, adimen artifizialak. Horrek lanpostu asko ordezkatu ditzake. Panorama horrekin, Millenium proiektutik esaten dugu ez dagoela etokizun bakar bat, guk egiten dugunaren arabera etorkizunak desberdinak izan daitezkeela. Hemendk 2050. urtera hiru egoera desberdin aurreikusi ditugu.

Lehenengoa tendentziala da. Ez badugu zentzu honetan ezer berezirik egiten, teknologia aldaketagatik sufritutako kalteak handiagoak izango dira onurak baino eta horrek, langabezia garrantzitsua eragin dezake. Bigarren egoera are okerragoa da, gizateak ez badu teknologia aldaketa aurreikustea lortzen, langabezia handia eragiteaz gain, gizarte krisi garrantzitsu bat ere eragin baitezake. Hirugarren egoeran, gizarteak, estatuek, enpresek eta eragile sozialek aurreikusten dute aldaketa teknologiko hau eta estrategia desberdnak martxan jartzen dituzte honi aurre egiteko. Hori da funtsean ikerketaren ondorioa.

Zein neurri hartu beharko lirateke gizartea hirugarren egoerara bideratzeko?

Neurri horiek bost alorretan bereizi ditugu. Garrantzitsuenak, hezkuntza alorrari lotutakoak dira. Sisteman ematen diren aldaketetara egokitzeko beharrezkoa izango da bizitza osoan zehar ikastea. Lanean dagoen biztanleria guztiak etengabeko prestakuntzan egon beharko du,  bestela teknologiaren onurak ez dira gizarteratuko.

Horrez gain, etorkizuneko enpresak nolakoak izango diren ere ikertu dugu. Gero eta jende gehiagok egingo du lan bere kabuz, autonomo moduan, beraz, sare berriak eraiki beharko dira haien eta enpresa handien arteko elkarlana sustatzeko. Beste arlo bat da zientzia eta teknologiarena. Garapen teknologiko hori modu etikoan egiteko bideak landu ditugu, garapenaren eragina positiboa izan dadin. Horretarako beharrezkoa izango da garapen estrategia indartsua eta globala izatea. Kultura alorrean landu dugu edukiak modu egoki batean garatzea, horretarako herri bakoitzaren eta eremu geografiko bakoitzaren errealitatea eta berezitasunak kontuan hartuz eta indartuz.

Bosgarren alorrak agintariei egiten die erreferentzia. Gobernuek epe luzerako estrategiak eduki behar dituze, bestela ezingo da teknologia garapen guzti hau aurreikusi, eta ezingo dira estrategia egokiak jarri martxan.

Posible ikusten duzu garapen hori gertatzea?

Guk posible dela uste dugu, baina horretarako benetan eraldaketa transformatzaileak eta potoloak aplikatu beharko dira.  Hezkuntza sistema modu garrantzitsu batean aldatu behar dugu. Gaur egun, Espainiako langile guztietatik %10ak soilik dauka etengabeko prestakuntza. Suezian, datu hori %30ekoa da, beraz, badago zer hobetua.

Bizimodua ulertzeko daukagun modua ere aldatuko luke nolabait, ezta?

Bai. Hori ere aipatzen dugu ikerketan, lana ulertzeko dugun modua erabat aldatuko da. Jadanik adituek esaten dute 2050 urterako lana ez dela gaur egungoa bezelakoa izango. Noski, lan egin beharko dugu diru sarrera bat lortzeko, baina ez horretarako bakarrik. Lortzen baldin badugu eraldaketa estrategiko eta sozial hau martxan jartzea, gure lanaren kontzeptua aldatzea ere lortuko dugu. Jendeak ez du lan egingo enpresa edo erakunde batean berrogei urtez jarraian, aldaketa handiagoak egongo dira.

Bestetik, teknologiarengatik lana galdu duten pertsona horiek gizarteratzearen inguruko hausnarketa ere egiten dugu, eta horrekin lotuta, errenta bermatuek etorkizunean izango duten garrantziaz.

Ez zarete gai honen inguruan hausnartu duzuen bakarrak.
Nik uste dut arlo honetan hausnarketa asko egiten ari direla. Pentsalariak, zientzialariak, nazioareteko erakundeak... Guk esaten duguna da etorkizuna ez dela bakarra. Ez dugu katastrofistak edo optimistak izan behar. Etorkizun desberdinak egon daitezke eta gure esku dago norabide bat edo bestea hartzea.
Teknologiaren garapenaren abiadura azkartu egingo da hemendik 2050 urtera. Beraz, jadanik ez da nahikoa izango lehen hezkuntzara, bigarren hezkuntzara, unibertsitatera edo lanbide heziketara joatea. Hezkuntza hori bizitzan zehar txertatu beharko dugu. Teknologia azkar badoa, gure egokitzapen mailak ere abiadura hori izan behar du.