Giro ona, erronkak eta osasuna ardatz

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 26a, 09:00
Adin guztietara egokitu daiteke CrossFita. (Basoa CrossFit)

Nabarmen egin du gora CrossFitak eta haren erabiltzaileek azken hilabeteotan. Zarautzen ere bada kirol hau egiteko aukera ederra, Basoa CrossFit zentroan. Familia batean bezala sentitzen dira bertako erabiltzaileak.

Beren esfortzu guztia Basoa CrossFit gunean zentratu dute Imanolek eta Amaiak azken bi urteetan. Biak dira kirolzaleak eta kirolariak, eta maitasun handiz heltzen diote beren entrenatzaile eta formatzaile lanari.

CrossFita «kirol desberdinen arteko nahasketa»â€ˆgisan definitzen du Amaiak. Kualitate fisiko ezberdin ugari lantzen dira: abiadura, oreka, koordinazioa, indarra... Azpimarragarria da erabiltzaileen arteko aniztasuna. Adin eta maila ezberdinetakoak, guztiak batera jarduten dira Basoan. Entrenatzera joandakoan, saioko ariketak prest izaten dituzte arbel batean, eta bakoitzaren mailaren arabera egokiturik jarduten du bakoitzak. Batzuk, besterik gabe, sasoi fisiko ona mantentzeko joaten dira. Beste batzuk, aldiz, erronkak jartzen dizkiete beren buruei, eta apurka-apurka horiek gainditzen joaten dira.

Zenbaiti autoestimuari bultzadatxo bat emateko ere balio izan dio CrossFitak. «Intentsitate handiko kirola denez, oso azkar egiten dira hobekuntzak, eta horrek engantxatu eta motibatu egiten ditu erabiltzaileak».

Bada entrenamendu osagarritzat erabiltzen duenik ere. Judokak edo surflariak, esaterako, praktikatzen duten kirol horretarako behar dituzten dohaiak trebatzen dituzte CrossFitaren bidez, olatu artean trebeago aritzeko, edo aurkaria abiadura handiagoan saihesteko.

Askotariko erabiltzaileak

CrossFit gimnasio bat lehen aldiz zapaltzen duenarentzat, oinarrizko mailako klase batzuk hartzea da gomendagarria. Basoak horretarako aukera ematen du. Amaiak azaldu duenez, klase horietan teknikaren inguruko azalpen zabalagoak ematen dira. «Garrantzitsua da oinarrizkotik hastea; hala, kirolariaren ahalmen fisikoa neurtzeko aukera daukagu entrenatzaileok, eta bere entrenamenduak pertsonalitzatuagoak izango dira». Data jakin batzuetan klase hauen maiztasuna ugaritzen da, jendeak izena emateko joera daukalako; irailean eta urtarrilean, batik bat.

Maila desberdinetako jendea batera aritzen da lanean Basoan. «Inguruan guztia ematen ari den jendea izateak esfortzu handiagoa egitera bultzatzen zaitu normalean, baina borroka nagusia norbere buruaren aurkakoa da».

Bizitzan zehar kirol gutxi eginda Behobia-Donostia lasterketa egitera iritsi dira bertako zenbait erabiltzaile, eta erronka gogorragoak gustatzen zaizkien gutxi batzuek 50 kilometroko ultrafondoak ere egin dituzte. Batzuek erronkei beldur handia dietela azaldu du Amaiak, dena den, zenbaitek, bere buruaz horrelakorik espero ez zuenean, «egin dut!» esan ahal izan du behin baino gehiagotan.

Haurrei egokitutako CrossFit klaseak ere eskaintzen dituzte Basoan. 6 urtetik 16 urtera bitarteko umeak adinaren arabera banatzen dituzte entrenamenduetarako. «Haur batzuek daukaten energia hori askatzeko beharra daukate, eta beste batzuekin alderantziz gertatzen da; bultzadatxo bat behar dute buruan dituzten beldurrak uxatzeko». Umeekin «oso gauza politak» ikasten direla azaldu du Amaiak. «Zirkuitu baten aurrean daudenean askok ez dute uste egiteko gai izango direnik, helduekin gertatzen den bezalaxe, baina gehienetan lortzen dute».

Entrenatzea baino gehiago

Gimnasio batera joatea baino «zerbait gehiago» da CrossFitean aritzea. Talde izaerak ematen dio balio erantsi hori. «Ez da berdina norbait gimnasioaren bazter batean bere kabuz ariketa batzuk egiten egotea, edo beste zortzi lagunekin batera guztia ematen aritzea. Hemen taldean egiten dugu lana, eta horrek indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko».

Zenbaitek kirola obsesio bihur daitekeela dioen arren, Amaiak garbi dauka norberak erabaki behar duela zenbat denbora eskaini kirolari. «Bakoitzak ikusi behar du kirolak zer ekarpen egiten dion. Bizitzak etapa desberdinak dauzka, momentu batean kirolari denbora asko eskaintzea erabaki dezakezu, eta beste batean lanari, edo familiari, edo beste hamaika gauzari. Hemen ere bakoitzak erabakitzen du astean zenbat ordu eskaini, eta zenbat aldiz etorri kirola egitera».

Jesus Gorostidi: «Edozein adinetako jendeari gomendatuko nioke kirol hau»

Nolatan hasi zinen Basoara etortzen?
Egia esan ez naiz oso ongi gogoratzen. Internet bidez ezagutu nuen CrossFita, eta lagun batek azaldu zidan oso kirol osatua dela. Lokal hau berriz, nire emazteari esker ezagutu nuen.

Beste kirolik egiten al zenuen Crossfitean hasi aurretik?
Igeriketan ibili izan naiz, txirrindularitzan ere bai apur bat, baina hau guztiz desberdina da orain arte egin dudanarekin alderatuta, denetik egiten dugu hemen.

Zer eman dizu Crossfitak?
Alde batetik, sasoi onean egoteko tresnarik onena da, denetik lantzen dugulako: indarra, potentzia, oreka... Bestetik, gure artean giro bikaina dago,  eta ditugun entrenatzaileak zoragarriak dira. Zoragarri tratatzen gaituzte.

Nori gomendatuko zenioke?
Edonori. Adin guztietako jendeak egin dezake kirol hau. Nire kasuan, 61 urte ditut eta oso gustura nago.