'Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika' liburua plazaratu du Joseba Permachek

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 25a, 16:34
Joseba Permach.

UEUk eta EHUk elkarlanean argitaratu dute Joseba Permach zarauztarrak egindako lana. 2008ko krisi ekonomikoa abiapuntutzat hartuta, merkatu libreak eragiten dituen "gabeziak" izan ditu hizpide liburuan. Ekonomia ardatz, neoliberalismoaz eta Adam Smithez idatzi du Permachek.

Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika liburua argitaratu du Joseba Permach zarauztarrak. Hauxe da UEUren webgunean irakurgai dago Permachek emandako liburuaren azalpena:

"Azken krisi ekonomikoaren harira, esan ziguten jatorrian finantza-tsunamia edo -lurrikarazegoela. Adam Smithen esku ikusezin famatuak, beste behin, porrot egin zuen. Alta, merkatu libreak aldi oro azalarazten dituen gabezia eta ezintasunak onartu eta erabakiak hartu beharrean, aldatu den bakarra liberalismo ekonomikoaren diskurtsoa izan da. Zertarako? Finantza-turbulentzien aitzakiapean establishmentaren ardurak ezkutatzeko, merkatuak ureztatu behar direla esateko edo bankuak erreskatatzeko. Finean, inoiz herritarroi egin zaigun lapurretarik handiena erretorika ekonomiko berrituarekin mozorrotzeko.

Liburu honek ekonomiaz dihardu, batez ere, zientzia ekonomikoaren paradigma nagusia den liberalismo ekonomikoaz. Alabaina, haren diskurtsoa eta funtzioa ikertzea du helburu: lehenik, liberalismo ekonomikoaren sortzailea izan zen Adam Smithen lana, ondoren neoliberalismoaren sustatzaileak izan ziren Hayeken eta Friedmanen testuak, eta, azkenik, egungo aditu ekonomikoen diskurtsoa. Hiru garai, baina helburu bera: zientzia ekonomikoaren diskurtsoak, haren erretorikak eta metaforek sistemakapitalistaren legitimazioan, iraunkorki, betetzen duten funtzio soziala aztertzea".