Emakume argazkilariei buruzko erakusketa, Photomuseumen

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 6a, 10:43
Julia Margaret Cameron argazkilariaren 'Ellen Terry' lana, 1864. urtekoa. (Photomuseum)

Gaur ireki dute erakusketa, eta abenduaren 9ra arte izango da ikusgai. Jarduera osagarri gisa, Goretti Garatek hitzaldia emango du azaroaren 9an, Emakume argazkilariak izenpean.

Emakume argazkilariak erakusketa ireki dute Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan; soilik emakume argazkilariek eginiko lanak izango dira ikusgai, gaurtik abenduaren 9ra arte. Antolatzaileek azaldu dutenez, "hainbat genero, gai, teknika eta argazkigintza" lantzen dira erakusketan, eta denetariko argazkilariek osatzen dute bilduma; aitzindariek, gaur egunekoek, Euskal Herrikoek, beste jatorri batzuetakoek, eta abar. Besteak beste, Margaret Cameron, Atsuko Arai, Ouka Leele, Cecilia Andersson, Cristina García Rodero, Isabel Muñoz edo Pilar Pequeño argazkilarien lanak ekarri dituzte Photomuseumera.

Bestalde, erakusketaren jarduera osagarri gisa, Goretti Garatek hitzaldia emango du azaroaren 9an, Emakume argazkilariak izenpean (erakusketaren izen berdina). 18:00etan izango da saioa, euskaraz.

Asteartetik igandera bitartean irekitzen dute Photomuseum, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 6 eurokoa da museoaren sarrera arrunta, eta 3 eurokoa murriztua. Dena den, asteazkenetan eta ostiraletan doakoa izaten da.