Zarauzko ikerlari gazteek zientziaz busti dute Antoniano aretoa

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 7a, 12:27

ZarautzOn elkartearen eskutik, Zarautz Zientziaz Blai ekimenaren V. edizioa izan zen atzo arratsaldean, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVIII. Astearen barruan. Zarauztar gazte zientzialarien proiektuak eta ikerketa lanak ezagutarazteko asmoz antolatu zuten saioa, eta Lorena Fernandez Deustoko Unibertsitateko Nortasun Digitaleko zuzendariak bete zituen aurkezpen lanak.

Lau zarauztar gazte izan ziren atzoko mahai-inguruan, beren proiektuak ezagutzera ematen; Ane Arrizabalaga (Bartzelonako Unibertsitatea), Saioa Ostolaza (Italiako Alifax enpresa), Maider Kortajarena (EHU-UPV) eta Josu Olabarria (Oteitza Lizeo Politeknikoa). Josu Lopez zientzia dibulgatzaileak, berriz, zientzia eta teknologiarekin lotutako umorezko parodiak eskaini zituen.

Ane Arrizabalagak eman zion hasiera saioari. Bartzelonako Unibertsitatean ari da doktoregoa egiten, eta Cecem taldean ari da bere ikerketa lanak burutzen. Hiru lan esparru nagusi dituzte: ingurumena, elikagaia eta produktu naturalak. Olioen iruzurrez mintzatu zen atzo, eta espainiar estatuko 65 olio lagun aztertu dituztela azaldu zuen; euren koloratzaileak azaleratzeko lanetan dabiltza burubelarri.

Ondoren, Maider Kortajarena EHU-UPVko irakasleak hartu zuen hitza. Ageingon izeneko ekimenean ari da parte hartzen, eta adineko helduekin garatu dituzte beren ikerketa lanak; ariketa fisikoak landu dituzte adineko pertsonekin, zaurgarritasun eta mendekotasun egoerei aurre egite bidean.

Saioa Ostolazak Italiako Alifax enpresan egiten du lan. Bakteriak ari da ikertzen bertan, eta atzoko saioan, hartzen ditugun antibiotikoen ondorioetaz mintzatu zen.

Oteitza Lizeo Politeknikoko Josu Olabarriak, aldiz, Snow Boy etxe adimentsua aurkeztu eta azaldu zuen. Zuzenean frogatu zuen etxea, jendaurrean; "Snow Boy, argiak itzali mesedez" esan eta aretoko argiak itzaltzea lortu zuen. Argiak pizteko, prozesu berdina burutu zuen ondoren. Gisa honetako asmakizunen bidez etxeak kontrolatzea posible dela azaldu zuen, baina honakoa ere azpimarratu zuen: "Teknologia gizakiaren beharretara moldatu behar dugu, eta ez teknologiarekiko beharra sortu".

Irudiak eta iturria: ZarautzOn