2019an Udaltzaingoaren egoitza berriaren obrarekin hasi nahi du Udalak

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 8a, 14:51
Xabier Txurruka eta Maite Garrastazu, Nafarroa kaleko 23 zenbakiko egoitzan. (Zarauzko Udala)

1.700.000 euroko aurrekontuarekin, 2019 urteko aurrekontuen proiektuko inbertsio garrantzitsuenetako bat izango litzateke Udaltzaingoaren egoitza berria.

Nafarroa kaleko 23 zenbakiko udal eraikina eraberritzeko proiektua aurkeztu dute Maite Garrastazu Herri Segurtasuneko zinegotziak eta Xabier Txurruka Alkateak. "Zarauzko Udaltzaingoak behar bezalako instalakuntzak izateko ordua iritsi da", hala baieztatu du Txurrukak.

Egun, eraikin horretan Gurutze Gorria, Zingira-Babes Zibila, Odol Emaileen Elkartea eta Done Jakue Bide Lagunen elkarteak dute beraien egoitza, eta Udalaren asmoa, datorren urtean eraikina eraberritzea da, Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza berria bertan kokatzeko. Elkarte horiekin Udala elkartu dela jakinarazi du alkateak, beraien egoitzen kokapen berria landu eta adosteko. "Interes orokorrekoa da guztiok egungo instalakuntzen egoera hobetzea eragiketa hau amaitzen dugunean".

Udala eraikinaren kanpoaldea birgaitzeko obren proiektua lantzen ari da. Horrez gain, asmoa eraikina handitzea da, kanpoko soto bat eta solairu guztiak komunikatuko dituen nukleo batekin, "eraikina osotasunean irisgarria izan dadin". Arkitektuak exekuzio proiektua idazten ari dira.

Proiektua gauzatuz gero, Gipuzko kaleko egungo Udaltzaingoaren bulegoan duten azalera baino ia lau aldiz handiagoa izango lukete. "Udalak 2019 eta 2020 ekitaldietan egin beharreko inbertsioa 1.700.000 ingurukoa (BEZ barne) izatea aurreikusten da, eta, beraz, datorren urteko aurrekontuen proposamenak dagokion aurrekontu partida jaso beharko du", zehaztu du Txurrukak.

Zerbitzua "hobetu eta modernizatu"

Garrastazuk azaldu du eraikin berriaren programak 850 metro karratuko azlera jasotzen duela. Egungo egoitzak, 225 metro karratuko azalera erabilgarria dauka, eta egungo herritarren beharrei zein Udaltzaingoaren jarduerei erantzuteko baliabide "urriak" dituela azaldu du. Eraikin berriaren proiektua Udaltzaingoko kideekin batera landu eta adostu da, eta hainbat espazio jasotzen ditu: herritarren arretarako, administraziorako, langileei mugatutako espazio pribatuak (jangela eta aldagelak, besteak beste), eta bestelako epazio osagarriak (biltegia, instalazio gelak, kalabozoa eta abar).