Irudietan: Memoriaren Egunaren harira, elkarretaratzea egin dute gaur Arrosategi parkean

Zarauzko hitza 2018ko aza. 10a, 13:31

Elkarretaratzearen aurretik irakurritako adierazpenean aitortu dute, gizartearen alderdirik ilunena  70. eta 80. hamarkadetan "biktimek jasan zuten abandonua, eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria" izan zela.

Azaroaren 10a da gaur, Memoriaren Eguna, eta indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoan izan dituzte Zarautzen. Udal Gobernuak deituta, elkarretaratzea egin dute udaleko ordezkariek eguerdian, Arrosategi parkean.

Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek Memoriaren Eguneko adierazpena irakurri dute jendaurrean, eta horren bidez barkamena eskatu diete indarkeriaren eta terrorismo ororen biktima izan direnei, "70. eta 80. hamarkadan gizarteak ez zituelako babestu. Aitortzen dugu indarkeriaren aurrean lehenago erreakzionatu behar genuela. Batez ere, ETAren biktimei zuzendu nahi diegu errekonozimendu hau, erakunde horrek gizartearen babesa izan baitzuen urte askotan zehar".

Gainera, azpimarratu dute, atzera begiratuz gero, gizartearen alderdirik ilunena, "biktimek jasan zuten abandonua, eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria" izan zela. "Dena dela,   90. hamarkadatik aurrera gizartearen indarkeriaren aurkako erantzuna indartu egin zen. Gizarte mugimenduak ugaritu egin ziren, baita ekimen sozial, politiko eta instituzionalak ere. Horrela, areagotu egin zen biktimen aldeko sentsibilizazioa, eta indarkeriaren aurkako erantzuna".

Bukatzeko, azken hamarkadetan gertatu dena kontutan hartuta, "aurrerantzean edozein jardunbideren aurrean, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimekiko elkartasunak, eta pertsona guztien bizitzeko eskubideak" gailendu behar duela adierazi dute.