'Elkarbizitza eta Memoriaren Inguruko Zineforuma' antolatu du Udalak

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 14a, 12:04
Pasa den larunbatean egin zuten elkarretaratzea Arrosategi parkean. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Lehen saioan 'Mujeres en construcción' dokumentala eskainiko da, bihar, azaroaren 15ean, Antoniano aretoan, 19:00etan.

Zarauzko Udaleko Bizikidetza Batzordeak zineforum bat antolatu du azaroaren 10ean ospatu zen Memoriaren Egunaren harira: Elkarbizitza eta Memoriaren inguruko zineforuma. Ekimen honetan bi dokumental ikusteko aukera izango da. Lehena, Mujeres en construcción, bihar, azaroaren 15ean, eta bigarrena, Glencree, camino recorrido juntos, azaroaren 28an. Bi dokumentalak gazteleraz izango dira, Antoniano aretoan, doan, arratsaldeko 19:00etan.

Mujeres en construcción dokumentalak atentatu "terrorista" baten ondoren bizitza berregiteko prozesuari buruzko 12 emakumeren lekukotza jasotzen du. Begoña Atin eta Maite Ibañezek zuzendutako dokumental honetan, emakume horien sentimenduen bidea jasotzen da, erailketaren berri jaso zutenetik egitasmo berriak izan arte, "behin amorrazioa, hutsunea eta bakardadea bizi ondoren". 58 minutuko iraupena dauka ikus-entzunezko piezak.

Azaroaren 28an eskainiko duten dokumentala ere Maite Ibañezek zuzendutakoa da. 2007an abian jarritako ekimen baten historia kontatzen du Glencree, camino recorrido juntosek. Une hartan, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak deituta, EAEko biktima desberdinez osatutako talde bat elkartu zen, lehenengo aldiz. Egitasmoak lau urte eta erdi iraun zuen, isilpean, eta hogeita hamar pertsona inguruk hartu zuten parte bertan. Dokumentalak, irauten dituen 54 minutuetan, biktima horietako batzuen lekukotzak jasotzen ditu, baita proiektuaren arduradunarenak eta talde teknikoarenak ere.