Abian da Ramon Serras Argazki Lehiaketa

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 14a, 15:00

2017ko Argazki Lehiaketan aurkeztutako lan bat.

Hirugarren aldiz antolatu du Ramon Serras Argazki Lehiaketa Zarauzko Argazkizale Elkarteak, Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin. Abenduaren 3ra arte izango da lanak aurkezteko aukera.

Autengo gaia Eraikuntzak izango da, eta edozein mailatako argazkilariek parte hartzeko aukera izango dute. Lanak aurkezterakoan, bakoitzaren atzealdean izenburua idatziko da. Horrez gain, gutun-azal itxi batean izen-emate orria sartuko da, bertan eskatzen diren datuekin.

Oinarriak

  • Gehienez lau lan aurkez ditzake lehiakide bakoitzak.
  • Lanaren alderik txikienak gutxienez 18 cm izan beharko ditu; lan guztiak 40x50 cm-ko euskarri edo passe-partout batean muntatuta egongo dira (gehienez 3mm-ko lodiera).
  • Lanak Euskalduna tabernan edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira.
  • Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 3a izango da.
  • Laborategiko edozein manipulazio edo teknika onartuko da, baita argazkilaritza digitalekoak ere (baina obrak paperean aurkeztuko dira).

Epaimahaia eta sariak

Argazkilaritza munduko profesional prestigiodunek osatuko dute epaimahaia, eta haien erabakia alegaezina izango da. Erabakia abenduaren 21ean jakinaraziko dute, Euskalduna tabernan, arratsaldeko 18:30ean. Sariak ekitaldi berean emango dira.

Lehen saria eskuratzen duenak 600 euro eta trofeoa jasoko ditu. Bigarren saria eskuratzen duenak, 300 euro eta trofeoa, eta hirugarrenak, 200 euro eta trofeoa. Zarauztar onenek ere jasoko dituzte sariak; Turismo Bulegoaren eskutik, 200 euro eta trofeoa jasoko ditu argazkirik onena atera duen zarauztarrak, eta bigarrenak, berriz, 100 euro. Partaide bakoitzak sari bakarra jaso dezake, eta sariei atxikipen fiskala aplikatuko zaie.

Informazio gehiago eta bestelako ohar osagarriak irakurgai daude Argazkizale Elkartearen wengunean.