Aialak Zarautz Kirol Elkartea babestuko du beste urte batez

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 21a, 09:00
Ezkerretik eskuinera, Anne Artola, Haizea Goikoetxea, Inma Saenz de Santamaria, Karlos Argiñano, Esteban Collantes, Martin Argiñano, Anton Larrañaga eta Julen Lizaso. (Dorleta Agiriano Lai)

Zarautz Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu du Karlos Argiñano Aiala Ostalaritza Eskolaren sortzailearekin, beste urte batez. Zarauzko emakumezkoen eskubaloi taldeak eta errugbi taldeak diruz babestuko ditu aurten ere, 24. urtez.

Gaur Zarautz Kirol Elkartearentzat "egun garrantzitsua" dela adierazi du Esteban Collantes kirol elkarteko lehendakariak. Beste urte batez, klubak hitzarmena sinatu du Karlos Argiñanorekin, Aiala Ostalaritza Eskola Zarautz Kirol Elkartearen babesle ofizialetako bat izan dadin, 24. urtez jarraian. Denboraldi honetan, emakumezkoen eskubaloi taldeak eta errugbi taldeak lagunduko ditu diruz Argiñanok.

Inma Saenz de Santamaria eskubaloi saileko zuzendaritzako kidearen esanetan, "urte asko izan dira elkarlanean, laguntza handia jaso dugu, eta hau beharrezkoa da jolasten jarraitu ahal izateko. Gu asko hazi gara azken urteotan, emakumezkoen eskubaloian zein gizonezkoenean, eta jasotako babesak eta laguntzak ere gora egin dute". Anton Larrañaga errugbiko zuzendaritzako kideak azaldu du Argiñano beti izan dela Zarauzko errugbiaren babesle ofizialetako bat, eta "beharrezko sustengua" izan dela klubarentzat; "babes honi esker, 300 haur baino gehiago biltzen dituen errugbi eskola bat dugu Zarautzen, eta baita kategoria bakoitzeko talde bat ere".

Collantesek gogorarazi du duela 24 urte Zarautzen nekez ateratzen zutela errugbi talderen bat; "gaur egun, aldiz, eskailera osoa osatzen dute: infantilak, kadeteak, jubenilak eta seniorrak". Zarautz Kirol Elkartearen sail honek bizitako garapenean "eragin zuzena" izan du Karlos Argiñanoren babesak, Collantesen arabera. Emakumezkoen eskubaloiari buruzko irakurketa antzekoa egin du. Emakumezko gehien dituen saila dela azaldu du, eta emakumezko lizentziatu gehiago daudela gizonezkoak baino: "Ez-ohiko egoera bat da gizonezkoak baino emakumezko lizentziadun gehiago izatea".

Collantesen arabera, "harrotasun handiz eramaten dugu Aialaren izena, joaten garen leku guztietan". 24 urte hauetan, Karlos Argiñanok Zarautz Kirol Elkarteko bost sail babestu izan ditu: halterofilia, pilota, atletismoa, errugbia eta emakumezkoen eskubaloia. "Honek bizitza ematen digu", Collantesen esanetan.

Bere aldetik, Argiñanok eskerrak eman dizkie elkarteko kideei eta herriko kirolariei: "Zuek agian ez duzue kirola diruz lagunduko, baina urtez urte jo eta ke aritzen zarete lanean, eta hori ez dago diruz ordaintzerik". Azaldu du berarentzat "ohore bat eta plazer bat" dela "herriko neska-mutilen taldeak laguntzea" eta "herrian ekarpena" egitea.