Zarauzko artistak artelan

Onintza Lete Arrieta 2018ko aza. 20a, 15:45

Marisa di Santok urtebetez erretratatu ditu Zarautzekin lotura duten artistak, eta ikusgai dago emaitza Torre Luzea erakustokian. Zuri-beltzeko 44 argazki indartsu aurkituko ditu bertaratzen denak.

Omenaldia artistei, eta omenaldia Zarautzi, "edertasun paregabeko herriari, hainbat artista inspiratu eta erakarri dituenari, eta bere herritarrei hainbeste lan bikain eman dizkienari". Halaxe definitu dute Marisa di Santoren Artearen aurpegiak izeneko erakusketa. Zarauzko bizilaguna da Di Santo, eta Zarautzekin lotura duten 44 artista erretratatu ditu. Urtarrilaren 6ra arte daude ikusgai argazkiak, Torre Luzea erakustokian.
Urtebeteko lana izan dela azaldu du egileak, eta eskerrak eman dizkio Zarauzko Argazkilari Elkarteari, emandako laguntzagatik, eta baita artistei beraiei ere: "Oso gustura aritu naiz lanean artistekin; asko dira, eta bata bestearen izenak ematen aritu zaizkit". Zuri-beltzeko argazki indartsuak dira emaitza.