Euskara ikasleen taupada bakoitzean

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 21a, 14:27

Abenduaren 3an da Euskararen Eguna. Horren harira, Zarauzko Euskara sailak egitarau zabala antolatu du, batez ere, herriko haur zein ikasleei zuzenduta. Euskara taupada bakoitzean lemapean, azaroaren 22tik abenduaren 5era arte iraungo duen egitaraua aurkeztu dute gaur, Etxezabalan. Herriko heziguneetako HHko, LHko, DBHko, batxilergoko eta goi mailako ikasleek hartuko dute parte euskara ardatz izango duten egitasmo kulturaletan, hala nola, musika emanaldiak, ipuin kontalaria edo irteera Durangoko Azokara.

Bestalde, Euskararen Eguna dela eta, ikasleei zuzendutako pegatina eta bideo lehiaketa ere antolatu zituzten Euskara sailetik, eta gaurko ekitaldian banatu dituzte sariak. Nahia Zubizarreta izan da pegatina lehiaketako irabazlea; Maialen Etxanizek bigarren saria eskuratu du, eta Ugaitz Olidenek hirugarrena. Nahia Zubizarreta eta Maialen Etxaniz La Salleko ikasleak dira, eta Ugaitz Oliden Antoniano Ikastetxekoa. Bihurrikeriak izeneko lanak irabazi du bideo lehiaketa, eta Gure ohiturak astintzeko eta Aurreiritziak baztertzeko izeneko bideoak ere saritu dituzte. Antoniano Ikastetxeko ikasleek ekoiztu dituzte hiru lanak.

Hona hemen Euskararen Egunaren harira antolatutako egitaraua osorik:

Euskararen Eguna: Egitaraua

  • Azaroak 22, 23, 26, 28, 29, 30. Apaxi ipuin kontalaria, DBHko ikasleekin (ikastetxeetan).
  • Azaroak 26, 27, 28, 29, 30. Peru eta otsoa antzerkia, HH eta LHko ikasleekin (ikastetxeetan eta haur eskolan).
  • Azaroak 26. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik, Baga Biga Higa emanaldia, batxilergoko ikasleekin (Antoniano aretoan).
  • Azaroak 30. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik, Baga Biga Higa emanaldia, batxilergoko eta goi mailako ikasleekin (Antoniano aretoan).
  • Azaroak 30. Bai euskarari ziurtagiriaren sinatzea, Zarauzko dendari eta ostalariekin (Pleno aretoan).
  • Abenduak 1. Kantu jira Benta Zaharreko Mutiko Alaien eskutik, 19:00etan Musika Plazatik hasita.
  • Abenduak 1, 2. Kirol jardueretan atxikimendu argazkiak (kirolguneetan).
  • Abenduak 5. Durangoko Azokara irteera, batxilergoko ikasleekin.